Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Koronabirusaren heriotza-tasa % 7ra igo da Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Tasa gizonezkoetan da handiagoa (% 8,7) emakumezkoetan baino (% 5,7). Oraingoz, COVID-19 gaitzak kutsatutako 381 gizon eta 308 emakume zendu dira EAEn.

  • Txagorritxu Ospitaleko sarrera nagusia

    Txagorritxu Ospitaleko sarrera nagusia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Koronabirusaren pandemiaren heriotza-tasak gora egiten jarraitzen du, eta ostegun honetan % 7ra iritsi da Euskadin. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, COVID-19 gaitzak kutsatutako gizonezkoetan, % 8,7koa da heriotza-tasa; positibo eman duten emakumezkoetan, aldiz, % 5,7koa da.

Euskadin koronabirusagatik hil diren herritarren artean, % 55,3 gizonak dira, eta % 44,7 emakumeak. Hain zuzen ere, 689 lagun zendu dira orain arte, eta horietatik 381 izan dira gizonezkoak; gainerako 308ak, berriz, emakumezkoak. Hortaz, 73 gizon gehiago hil dira, nahiz eta kutsatuei dagokienez 1.056 emakumezko gehiago izan diren (emakumezkoen 5.431 positibo, eta gizonezkoen 4.375).

COVID-19 gaixotasunak kutsatutakoen heriotza-tasari erreparatuta, handiena 90 urtetik gorako gizonezkoetan ematen ari da (% 31,4); bigarren adin-tarte kaltetuena 80-89 urte arteko gizonezkoena da (% 26,1). Hirugarren heriotza-tasarik altuena 90 urtetik gorako emakumezkoena da (% 19,5), eta, gerora, 80-89 urte arteko kutsatutako emakumezkoak daude (% 15).

70-79 urte arteko gaixotutako gizonak eta emakumeak agertzen dira ondoren zerrenda horretan, % 12ko eta % 8,1eko heriotza-tasarekin, hurrenez hurren.

Bildutako datuen arabera, kutsatutako gizonezkoen arteko heriotza-tasa % 5,3koa da, eta % 1,8koa adin-tarte horretako emakumezkoetan. COVID-19 gaitza duten 60 urtetik beherakoen heriotza-tasa % 1 baino txikiagoa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.