Gizartea
Koronabirusa
Euskal zientzialari batzuek COVID-19a atzemateko test bat garatu dute egun gutxitan
Agentziak | Erredakzioa
"Probak ez du kit komertzialik behar, eta aurreko hornidura arazoak baztertzen dira", nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitateak.
EHUko hainbat sailetako zientzialarien sare batek, Ikerbasquek, Achucarrok eta Biofisika Bizkaia Fundazioak, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 antzemateko 'RT-PCR' test bat garatu dute, "euskal sistemari testen kopurua handitzea ahalbidetuko diona, Munduko Osasun Erakundearen gomendioari jarraituz", jakinarazi dute.
Proba "fidagarria eta azkarra" dela azpimarratu du Euskal Herriko Unibertsitateak, eta kit komertzialik ez duela behar nabarmendu du. Hortaz, "beste test batzuei eragiten ari diren hornikuntza arazoetatik isolatuta geratzen da".
EHUk azaldu dutenez, 'PCR' "material genetikoaren kopuru txikiak" handitzeko teknika bat da, kasu honetan birusarena, eta 'RT-PCR' aldaeran "material genetiko horren hautemate kuantitatiboa ahalbidetzen du, eta, beraz, birusik ez duten eta kutsatuta dauden pertsonen artean bereizteko aukera ematen du".
Ikerketa konfinamenduko lehen astean hasi zen, eta, arduradunen hitzetan, "erritmo bizian" egin da. 55 ikertzailek osatutako talde batek, "argitaratutako artikuluen berrikuspen bizi baten eta eztabaida telematiko ugariren" ostean, EHUren laguntza instituzionala jaso duen ekintza-plan bat diseinatu zuten.
Bigarren astean, "epe errekorrean", EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan, Leioa-Erandio eremuan, euste-lanetarako eta segurtasun biologikorako sei laborategi egokitzea lortu zuten, eta beharrezko lege-eskakizun guztiak izapidetu ziren.
Martxoaren 27an, ostiralean, Euskal Biobankuaren bidez, Osakidetzak diagnostikatutako lehen laginak jaso ziren, eta, "protokoloak prestatu eta 10 egunera, testa % 100eko espezifikotasunean eta % 92ko sentikortasunean ekoiztu da", zehaztu du Euskal Herriko Unibetsitateak.
Sentsibilitateak, gogorarazi dutenez, kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, kutsatu gabeko pertsonei erantzun negatibo bat emateko probak duen fidagarritasun-maila islatzen du.
Lau ordu baino gutxiago
Lantalde horrek egindako proba lagin bakoitzeko 15 euro balioko duela aurreikusi dute, eta 4 ordu baino gutxiago behar ditu erantzuna jasotzeko. Unibertsitateak azpimarratu duenez, "kostu baxu hori posiblea da parte hartzen duten pertsonen eta erakundeen ekarpen altruistagatik".
Horrez gain, "gure erkidegoko beste ikerketa-zentroetako laborategi askotan" egin daiteke, bai eta ospitaleetan bertan ere, egun Osakidetzak erabiltzen dituen 'RT-PCR' merkataritza-kitei "stock haustura" eragiten badie.
Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzailearen eta ekimenaren koordinatzailearen iritziz, "test alternatibo hau auzolanean garatzeak ikerketaren eta zientziaren garrantzia azpimarratzen du, bai eta dagokion babes instituzionalarekin horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen benetako inpaktua ere".