Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

51 hildako EAEn eta zortzi Nafarroan, azken orduetan

EITB.EUS

Datu positiboa da gora egiten jarraitzen dutela gaixotasuna gainditzen dutenek. Ospitaleratuta jarraitzen dutenen kopuruak ere behera egin du.

Nekane Murga

Koronabirusaren pandemia dela eta, 51 pertsona hil dira azken orduetan, eta hildakoak 689 dira jada. Bestalde, 354 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, bezperan baino 77 gutxiago.

Guztira, 9.806 pertsona kutsatu dira EAEn. Datu positiboa da gora egiten jarraitzen dutela gaixotasuna gainditu dutenek; errekuperatutako eta alta emandako pertsonen kopuruak gora egin du, eta, guztira, 4.510 dira osatu eta alta emanda daudenak, bezperan baino 359 gehiago.

Ospitaleratuta jarraitzen dutenen kopuruak ere behera egin du, 1.559tik 1.485era, Nekane Murga Osasun sailburuak prentsaurreko telematiko batean azaldu duenez.

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.868 positibo daude, 219 ospitaleratuta. Bizkaian, 5.182 positibo daude, 951 ospitaleratuta. Gipuzkoan, 1.756 positibo daude, 315 ospitaleratuta.

Guztira 26.204 test egin dituzte, 1.780 atzo bakarrik, eta horietatik % 21ek eman zuten positibo, sailburuak azaldu duenez.

Nafarroan, berriz, zortzi pertsona hil dira azken 24 orduetan COVID-19aren ondorioz, hau da, 214ra igo da hildakoen kopurua, eta 108 positibo berri zenbatu dituzte; eta 3.575 kutsatu zenbatu dituzte guztira.

Pilatutako ospitaleratuen kasuan, 1.526 paziente dira guztira, eta horietatik 473 ospitalean daude gaur egun.

Zainketa intentsiboetako unitatean 124 pertsona sartu behar izan dituzte, hirugarren egunez jarraian.

Sendatutako gaixoen kopuruari dagokionez, 462 dira, aurreko egunean baino 12 pertsona gehiago.

Kutsatze berriak eta heriotza berriak erori dira Espainian

Koronabirusaren hedapenak beheranzko joerari ekin dio berriro Espainian, bi egunez jarraian gorantz egin ostean. Koronabirusa dela eta kutsatutakoak 152.446 dira, hau da, asteazken honetan baino 5.756 gehiago, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera. 15.238 pertsona hil dira Covid-19rekin (683 gehiago).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.