Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osakidetzak Boroan biltzen du koronabirusaren aurkako osasun-materiala

EiTB.EUS

Osakidetzak erositako edo jasotako materiala Boroako biltegi batean gordetzen du Jaurlaritzak; bertatik banatzen dute osasun-zentroetara.

2:08
Biltegia Boroan / EiTB

Zornotzako Boroa auzoan dagoen biltegi batean gordetzen du Osakidetzak COVID-19 gaitzari aurre egiteko material guztia, eta biltegi horretatik banatzen dute material hori behar duten zentroetara.

ETBko kamerak biltegi horretara sartu dira, eta prozesu osoari egin dio jarraipena, materiala iristen denetik banatuta egon arte.

Osakidetzak azaldu du Jaurlaritzak egunero aztertzen dituela materiala jaso behar duten kolektibo guztien beharrak: "Nahitaezkoa da behar horiek gaitzaren bilakaeraren arabera egokitzea, eta kontuan izatea stockeko egoera". Halaber, Espainiako Osasun Ministerioak Banakako Babes Ekipoak erabiltzeko protokoloak egokitzen ditu.

Azterketa hori eginda, Aero-Ferr mezularitza-enpresak egiten du banaketa; materiala "Osakidetzako erakundeei, sektore sozio-sanitarioari, anbulantziei, egoitzei, etxez etxeko laguntzako zerbitzuei, hileta-zerbitzuei, adingabeen zentroei, Ertzaintzari, Udaltzaingoei, edo taxiko zerbitzu bereziei eramaten die".

Koronabirusaren aurka borrokatzeko Osakidetzak eskuratutako materialaren % 88 Eusko Jaurlaritzak berak erosi du, edo zuzenean jasotako dohaintzen bidez iritsi da, Jaurlaritzak zehaztu du; % 12, aldiz, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eman du.

Eusko Jaurlaritzak esan duenez, Osakidetzak, 2020ko lehen hiruhilekoan, 881.500 maskara, 24,4 milioi eskularru baino gehiago, 570.000 mantal eta 30.600 gel hidroalkoholiko erabili ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.