Gizartea
pandemia
Nafarroan test azkarrak erabiltzen hasi dira larrialdi zerbitzuetan
agentziak | erredakzioa
Tresna horri esker, "15 minutuan egin ahal izango da kasu positiboen diagnosi azkarra".
-
Koronabirusaren proba. Argazkia: Efe
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi du gaurtik aurrera koronabirusaren test azkarrak erabiltzen hasiko direla lurralde osoko osasun zentro guztietan, eta horrela "15 minutuan" egin ahal izango dutela "kasu positiboen diagnosi azkarra".
Indurainek koronabirusari buruzko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, uneotan "fase garrantzitsu batean gaude, eta kasuak garaiz atzemateaz gain, gizartearen immunizazioa aztertzen hastea hasi behar gara pentsatzen".
Gaineratu duenez, horretarako "baliabide berriak ditugu, test azkarrak besteak beste, baina estrategia zabal eta mailakatu baten baitan erabili behar dira, logistika eta eraginkortasuna kontuan izanda".
Dena den, Nafarroan PCR probak egiten jarraituko dutela adierazi du, "diagnosi fidagarriena delako hasierako fasean". "Diagnosi teknika nagusia da, infekzioaren lehenengo fasean birusa atzemateko fidagarritasun handia duelako", azpimarratu du.
Horren harira, egunero 400-500 PCR proba egiten ari direla, baina gaur bertan 561 egin dituztela jakinarazi du.
Kontseilariak azaldu duenez, PCR sistema "indartzeko", test azkarrekin "osatuko" dituzte. Test horiek "% 80ko fidagarritasuna dute gaitza gutxienez 7 egunez izan dutenen kasuetan, eta % 64koa sintomekin hasi direnetan".
Horregatik, "test azkarrak Nafarroako osasun zentro guztietako larrialdi zerbitzuetan erabiltzen hasiko dira gaurtik aurrera", Indurainen arabera.