Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

52 hildako EAEn eta lau Nafarroan, azken orduetan

EITB.EUS

Egun batean hildako kopuru handiena zenbatu du EAEk. Nafarroan positiboen gorakada, aldiz, baxuena da krisia hasi zenetik.

Mikel Sanchez

Koronabirusaren pandemia dela eta, 52 pertsona hil dira azken orduetan, eta hildakoak 638 dira jada. Bestalde, 431 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan. Hasiera batean, Osasun Ministerioak 49 hildakoren berri eman du, baina Osasun Sailak zehaztu duenez, 52 dira.

Guztira, 9.452 pertsona kutsatu dira EAEn. Errekuperatutako eta alta emandako pertsonen kopuruak gora egin du, eta, guztira, 4.151 dira osatu eta alta emanda daudenak.

EAEn izan da hildako kopuru handiena 24 ordutan. Orain arte, apirilaren 1ean jakinarazi zen koronabirusarekin egun batean hildako kopuru handiena, 44 pertsona hil baitziren orduan.

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.806 positibo daude, 237 ospitaleratuta. Bizkaian, 4.968 positibo daude, 1.002 ospitaleratuta. Gipuzkoan, 1.678 positibo daude, 320 ospitaleratuta.

Bestalde, 24.755 proba egin dira orain arte. Atzo 1.698 test egin zituzten, eta horietatik hiru laurdenek emaitza negatiboa eman zuten, eta soilik % 25ek positiboa.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintzako zuzendariak COVID-19ak EAEn duen eraginaren harira eskuragarri dauden azken datuen berri eman du, egunero egiten duten agerraldian.

Positibo kopuruak behera egin du Nafarroan

Nafarroan, berriz, lau pertsona hil dira azken 24 orduetan COVID-19aren ondorioz, hau da, 206ra igo da hildakoen kopurua, eta 112 positibo berri zenbatu dituzte; aurreko egunarekin alderatuta, % 3,3ko igoera izan da, epidemia hasi zenetik izandako hazkunderik txikiena, eta 3.467 kutsatu zenbatu dituzte guztira.

Santos Indurain Nafarroako Osasun sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, datuak ikusita "baikortasun zuhurra" mantentzen dute, izan ere, hazkunde abiadura moteltzen ari da.

Ildo horretan, ospitaleetako altek ospitaleratzeak gainditzen dituztela esan du, eta, zehazki, astearte honetan ia bikoiztu egin dituzte: 74 alta jaso dituzte, eta 38 ospitaleratu dituzte. Astelehenean 67 izan ziren altak eta 57 sarrerak.

Indurainek azaldu duenez, "izurritearen arintze hasiera agerian uzten duen beste adierazle bat da", baina ez du baztertzen kopuru aldakorrak izatea, eta, zoritxarrez, heriotzak izaten jarraitzen dute, lau, azken orduetan.

Horren aurrean, "zorionez, gero eta pertsona gehiagok gainditzen dute gaixotasuna", eta azken orduetan 29 alta epidemiologiko eman dituzte, guztira 450.

Epidemia hasi zenetik 1.526 lagun ospitaleratu behar izan dituzte Foru Erkidegoan, horietatik 124 zainketa intentsiboetako unitateetan. Egun, 511 gaixo daude ospitalean.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko zifrak soilik eskaintzen dituzte, eta ez egunero.  

Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, koronabirusaren pandemia hasi zenetik 15 pertsona hil dira Baionako eta Paueko ospitaleetan eta 152 Akitania Berrian.

Baionako erietxean artatzen dituzten pazienteen % 30 Landetakoak dira. Paueko ospitalean Atharratzeko gizon bat hil da. Herri horretan gaitzaren sintomak dituzten bizilagun asko atzeman dituzte, baina, hala ere, agintariek COVID-19a detektatzeko proba masiboak egitea baztertu dute.

Biktima gehienak beste gaixotasun batzuk zituzten adineko pertsonak dira. Hala ere, hildakoen artean 44 urteko lagun bat ere badago.

 

146.690 koronabirus kasu positibo daude Espainian

Koronabirusa dela eta kutsatutakoak 146.690 dira Espainian, hau da, asteartean honetan baino 6.180 gehiago, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera. 14.555 pertsona hil dira Covid-19rekin (757 gehiago), 48.021 sendatu dira (4.813 gehiago) eta 7.069 inguru zainketa berezien unitatean sartu behar izan dituzte.

Hala, azken egunekin alderatuta, gora egin du eguneko kasu kopuruak, izan ere, atzo emandako datuen arabera, 743 pertsona hil dira eta 5.478 kutsatu dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.