Gizartea
Koronabirusa
525 hildako gehiago Italian, baina beheranzko joera baieztatuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martxoaren 19az geroztik egun bakarrean izandako hildako kopururik baxuena da. 128.948 pertsona kutsatu dira guztira.
-
91.246 pertsona daude gaixorik egun Italian. Argazkia: EFE
Otsailaren amaieraz geroztik, 15.887 lagun hil dira Italian koronabirusarekin. Azken 24 orduetan 525 hildako zenbatu dituzte, martxoaren 19az geroztik izandako hildako kopururik baxuena, hain zuzen ere.
128.948 pertsona kutsatu dira guztira Italian (gaixoak, hildakoak eta sendatutakoak zenbatuta). Azken 24 orduetan 4.316 positibo gehiago izan dira, ostiralean baino gutxiago.
Egun, 91.246 gaixo daude, eta 21.815 lagun sendatu dira (819 pertsona, azken 24 orduetan).
Silvio Brusaferro Osasun Goi Institutuko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, "kutsatze kurba moteltzen hasi da, baita hildakoena ere. Bi datu positibo dira, eta hartutako neurriak fruituak ematen ari diren erakusgai". Dena dela, konfinamenduari eustearen garrantzia azpimarratu du, birusaren hedapena erabat kontrolatu ahal izateko.
"Datuak baieztatuz gero, bigarren fasean pentsatzen hasi beharko gara", apurka normaltasunera itzultzeko, baina "birusaren hedapena kontrolatuta izanda", gaineratu du Brusaferrok.
Bestalde, Lombardian, gaixotasunak gogorren jo duen zonaldean, ospitaleak ez daude jada kolapsatuta eta ez dituzte gaixoak beste erietxeetara bidaltzen, Angelo Borrelli Italiako Babes Zibileko buruak iragarri duenez.
Roberto Speranza Italiako Osasun ministroaren hitzetan, txertoa aurkitu bitartean, italiarrek koronabirusarekin bizi beharko dute. Italiako Gobernua erabateko konfinamendua amaitu osteko plana prestatzen ari dela gaineratu du.