Itxi

Gizartea

Zabortegia

Zaldibarko luizitik bi hilabetera, protesta egiteko eta biktimak oroitzeko deia

EITB.EUS

Gaur bete dira bi hilabete Alberto Sololuze eta Joquin Beltran desagertu zirenetik, eta 20:30ean balkoietan eta leihoetan protesta zaratatsua egiteko deialdia zabaldu dute haien omenez.

  • Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian, apirilaren 3an.

    Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian, apirilaren 3an. Argazkia: Irekia

Astelehen honetan, hilak 6, bete dira bi hilabete Zaldibarko zabortegia erori zenetik. Ordutik, desagertuta daude hondakindegiko bi langile: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Horien bilaketa-lanak komunikabide guztietan bolo-bolo ibili ostean, foku mediatikoaren bigarren mailan utzi ditu orain koronabirusak.

Gertakari larri hark krisi hirukoitza eragin zuen: osasun arlokoa, ingurumen arlokoa, eta baita politikoa ere, EAE kanpainaurre betean baitzen. Hauteskundeak bertan behera geratu ziren, ordea, eta gaur egun krisia osasun arlokoa eta ekonomikoa da, bi langileen lanek aurrera jarraitzen duten arren.

Gertakaria oroitzeko, Zaldibar Argituk protesta zaratatsua egiteko deia zabaldu du gaurko, 20:30ean, Euskal Herriko etxe guztietako balkoi eta leihoetan. Era berean, 17:00etan biktimen omenezko txalo zaparrada ere eskatu dute.

Honako hauek dira hilabete hauetan gaiaren inguruan egindako albiste nagusiak:

1. Zaldibarko hondakindegia otsailaren 6an amildu zen. Luizia Bizkaiko udalerri txiki horren lurretan gertatu zen, baina Ermua eta Eibar herri handietatik oso gertu. Eitzaga auzoko zabortegia pribatua zen, Verter Recycling 2002 enpresarena, eta urtero milioi erdi tona hondakin jasotzen zituzten, hondakin ez-arriskutsuak denak ere (hondakin bizigabeak salbu, mota guztietako materiala botatzen zuten bertara: hondakin industrialak, siderurgiak sortutako hondarrak...).

2. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen luizia, baina ia hasieratik jakin zen bi pertsona, zabortegiko behargin bi, zeudela hondakinen azpian harrapatuta. Hain justu, egunean bertan ekin zieten biak bilatzeari. Suhiltzaile, ertzain eta larrialdietako boluntarioak aritu ziren, txakurren laguntzarekin, eskuz.

3. Otsailaren 7ko goizaldean bilatzeko lanak eten zituzten, bat-batean: amiantoa topatu zuten hondakinen artean. Zabortegiak bazuen fibrozementuzko estalkiak (eraikuntzan oso erabiliak ziren) jasotzeko baimena. Estalki horiek berez ez dira arriskutsuak, baina apurtuz gero, bai, arnasteak minbizia eragiten duelako.

4. Lehen asteburuan, otsailaren 8-9, desagertutako langileen senitartekoak "minduta eta haserre" azaldu ziren, erreskate lanak hainbat aldiz eten zituztelako: aurrena, amiantoagatik, gero lurzoruaren ezegonkortasunagatik. Horrez gain, hondakindegiaren goialdean sutea piztu zen hilaren 8an, eta horrek kezka sortu zuen Eitzaga auzoko biztanleen artean, sor zezakeen kutsadura dela eta. Lehen egun horietan jakin zenez, zabortegiko azken ikuskapenetan "arau-hauste larriak" topatu zituzten.

5. Luiziaren ondoko lehen astean giza krisiari eztabaida politikoa batu zitzaion. Oposizioa Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatzen hasi zen. Lehendakaria otsailaren 10ean mintzatu zen auziaz lehen aldiz, hauteskundeak deitzeko agerraldian. Adierazi zuenez, luizia izan eta berehala sortu zen krisi-mahaia. Erakundeen kudeaketarekin kritiko, Zaldibar, Eibar eta Ermuko bizilagunak kalera atera ziren astelehen horretan bertan.

6. Otsailaren 11n, Durangoko epaitegi batek eginbideak abiatu zituen Verter Recycling 2002 enpresaren kontra, ingurugiro eta lan arloko delituak egotzita. Hainbat erakundek iragarri dute auzian pertsonatu egingo direla. Jaurlaritzak astebeteko epea eman zion enpresari plan bat aurkezteko. Verter Recycling 2002 enpresak komunikazioan aditua den enpresa bat kontratatu zuen, krisiari aurre egiteko.

7. Otsailaren 12an, lehendakaria Zaldibarko zabortegian izan zen eta desagertutako langileen senitartekoekin bildu. Egun berean, Jaurlaritzak Verter Recycling enpresaren arduradunekin bildu zen. Gerora, zehapen-espedientea ireki zion. 

8. Oposizioko alderdiek eskatuta, Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaiak Iñigo Urkullu eta beste lau sailbururen agerraldia onartu zuen. Egun berean, otsailaren 13an, bi desagertutakoak bilatzeari ekin zioten berriro. 

9. Otsailaren 14an, ostiralarekin, beste ezusteko bat: dioxina eta furanoa atzeman zituzten airean, ezohiko maila altuan. Plastikoek erretzean eragiten dituzten substantziak dira biak. Prebentzio neurri gisa, aire librean ariketa fisikorik ez egiteko eta etxeak ez aireztatzeko gomendatu zieten Zaldibar, Ermua eta Eibar herrietako bizilagunei.

10. Luiziaren bigarren asteburua, otsailaren 15ean eta 16an, bigarren manifestazio handia egin zuten "Zaldibar Argitu orain" lelopean. Herritarrek bi langileak bilatzeko lanak lehenestea eta herritarren osasuna zaintzea eskatu zieten erakundeei. Dioxina eta furanoak tarteko, bertan behera geratu zen Eibar-Reala futbol partida.

11. Bigarren astean, beste erpin bat atera zitzaion auziari: hondakinen krisia eta Euskadiko zabortegien leku falta. Zaldibarkoa amilduta eta Mutiloakoa itxita, Jaurlaritza beste erkidego batzuekin harremanetan jarri zen.

11. Otsailaren 18an, lehendakariak agerraldia egin zuen Diputazio Iraunkorrean. Urkulluk akatsak onartu zituen. Oposizioak, kritiko, "harrokeria" eta "maila ez ematea" egotzi zion.

12. Egun horretan bertan, URA Uraren Euskal Agentziak amonio eta metalen presentziaren igoera atzeman zuen Zaldibar inguruko ibaietan. Dena dela, iturriko ura edatea edota inguruko ortuariak jatea ez zela arriskutsua ebatzi zuten adituek. 

Astearte horretan, suteen fronte "handienak" itzaltzea lortu zuten suhiltzaileek, eta ke jarioa bertan behera geratu zen. Bi egun geroago, otsailaren 20an, airearen kutsaduragatik ezarritako prebentziozko neurriak kendu zituen Jaurlaritzak. Biharamunean, ordea, sua berriro piztu zen hondakindegiaren goialdean, baina ordu gutxitan itzali zuten. 

13. Otsailaren 21ean, Jaurlaritzak Fiskaltzaren aurrean salatu zuen Verter Recycling. Luizia gertatu baino bi egun lehenago jakin zuen enpresak zabortegian arrakalak agertu zirela, baina ez zuen neurririk hartu.

14. Bi langile desagertuen gorpuak azkenekoz ikusi zituzten eremuan bilatzeari ekin zioten otsailaren 22an.

15. Martxoaren 3an, Joaquin Beltranen familiak gutun batean salatu zuen erreskate lanetan erabilitako "komisario politikoen kudeaketa zentzugabekeria hutsa" izan zela. "Egiten ari dena baino gehiago egin daiteke eta egin behar da", nabarmendu zuten. Biharamunean, Urkullu lehendakariak erantzun zien ulertzen zuela euren mina eta Jaurlaritza ari zela "beharrezkoak diren bitarteko guztiak" erabiltzen Alberto eta Joaquin topatzeko.

16. Martxoaren 5ean, Txisko Beltranek eta Rodolfo Martinek, hurrenez hurren Joaquin Beltran desagertutakoaren anaiak eta lagunak, elkarrizketa eskaini zioten EiTBri. Bi langileak aurkitzeko eginahalak egiteko eskatu zieten erakundeei. "Zabortegi batera lore sorta bat eraman behar ez izatea da gure nahia, ez da duina pertsona horientzat", adierazi zuten.

Bestalde, Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuztea deitu zuen hurrengo ostegunerako, martxoaren 12rako, zabortegian izandako luiziaren kudeaketarekin "nazkatuta" zeudela adierazteko eta "arduradunek behingoz aurpegia ematea" eskatzeko.

17. Martxoaren 12an, goizean, mobilizazioak izan ziren, baina arratsaldeko lanuzteak bertan behera geratu ziren koronabirusak eragindako osasun-krisiaren mehatxua hortxe baitzegoen.

18. Aste horretan bertan, martxoaren 11tik 14ra bitartean, tentsioa izan zen desagertuen familien eta agintarien artean, eta Eusko Jaurlaritzaren zein lehendakariaren aurkako komunikatu gogor bat kaleratu zuen Beltran familiak.

19. Martxoaren 14an, larunbata, alerta-egoera ezarri zuten, eta zabortegiko lanak moteldu ziren. Ordura arte, 06:00ak eta 23:00ak bitartean egiten zuten lan, argiztapena jarri ondoren.

20. Martxoaren 24an, Iñaki Inorizak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako Plangintza Zerbitzuko buruak, ziurtatu zuen "gero eta azkarrago" zihoazela lanak, eta, aldi berean, argitu zuen "argia zegoen bitartean" jarraitzen zutela lanean.

21. Martxoaren 27an, Sololuze familiak berriro eskatu zuen bilaketa lanekin jarraitzeko, baina ordu gehiagoz.

22. Martxoaren 30ean, Espainiako Gobernuak berretsi zuen Zaldibarren bilaketa lanekin jarrai zezaketela (Jaurlaritzak ez zekiela esan zuen), funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazten zituen dekretutik kanpo geratu ondoren.

23. Apirilaren 1ean, bilaketa operatiboaren hondakinak biltzeko ziega bat betetzen hasi ziren.

24. Apirilaren 2an, Zaldibar Argitu plataformak euskal herritarrei dei egin zien 20:30ean balkoietara atera eta bost minutuz "burrunba handi" bat egin zezaten, eta ondoren kandelak eta argiak pizteko, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertutako langileen omenez.

25. Bilaketa-lanak, gaur egun, 08:45etik 19:15era egiten dituzte, lurrak arakatu eta bahetzeko lanekin, eta dagoeneko bahetuta dagoen materiala zabortegi ondoko biltegi berrian uzten dute.

26. Zaldibarko zabortegian lanean diharduten erreskate taldeek bertan harrapatuta geratutako bi langileetako baten, Alberto Sololuzeren, ibilgailuaren arrastoak aurkitu dituzte igande honetan.

Zure interesekoa izan daiteke: Zaldibarko luiziaren azken albisteak.