Gizartea
Pandemia
Koronabirusaren hedapena gelditzen ari denaren zantzuak daude Hego Euskal Herrian
agentziak | erredakzioa
Gaitza duen pertsona batek batez beste 0,93 pertsona kutsatzen ditu EAEn, eta 0,98 Nafarroan, eta datu hori 1etik beherakoa izatea da helburua.
-
Koronabirusa. Argazkia: Efe
Konfinamenduaren helburu nagusietako bat COVID-19aren hedapena ahal den guztia murriztea da, eta Espainiako Estatuko zortzi erkidegotan, EAEn eta Nafarroan besteak beste, zabalkundea gelditzen ari diren zantzuak daude.
Espainiako Epidemiologia Zentroaren azken txostenean jaso duten datua da, eta apirilaren 2an 117.710 kutsatu zenbatu dituztela ere ageri da bertan.
Positiboen eta hildakoen eboluzioarekin batera, gaitza duen pertsona batek batez beste kutsatzen duen pertsona kopuruari erreparatzen diote, eta datu hori 1etik beherako izatea da helburua.
Hala, batez besteko onena dute Espainia mailan Extremadurak (0,68), Kantabriak (0,72), Murtziak (0,77), Balearrek (0,86), Kanariek (0,89), EAEk (0,93), Asturiasek (0,97) eta Nafarroak (0,98).
EAEko eta Nafarroako datuak
Apirilaren 3ko datuak aztertuta, guztira, Hego Euskal Herrian, COVID-19ko 10.663 kasu atzeman dituzte, eta 595 lagun hil dira. 3.125 lagun daude ospitaleratuta. Euskadin, 7.827 positibo izan eta 444 pertsona hil dira, eta Nafarroan 2.836 kasu izan dira eta 151 heriotza. Hego Euskal Herrian, 3.103 lagun sendatu dira, gaitza gaindituta.
Azken 24 orduotako datuei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan 32 lagun zendu dira, eta 10 Nafarroan; Euskadin, aurreko egunean baino 11 lagun gutxiago hil dira, eta Nafarroan bat gutxiago.
Honela doa kurba EAEn.
Nafarroako kurba, eguneratuta.