Gizartea
KORONABIRUSA
32 hildako EAEn eta hamar Nafarroan, azken orduetan
EITB.EUS
Mikel Sanchezen hitzetan, ikuspuntu epidemiologikotik, egonkortze egoeran gaude. EAEn bezperan baino 11 hildako gutxiago izan dira; Nafarroan, berriz, bat gutxiago.
Koronabirusaren pandemia dela eta, 510 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, eta 444 dira hildakoak jada, bezperan 33 hil ondoren, bezperan baino hamar gutxiago, hain zuzen. 7.827 pertsona kutsatu dira EAEn, eta 1.906 lagun daude ospitalean.
Ostegunean 319 lagunek jaso zuten ospitaleko senda-agiria. Guztira, 2.809 pertsona sendatu dira eta 1.841 lagunek ospitalean jarraitzen dute, Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintzako zuzendariak ostiral honetan emandako datuen arabera.
Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.447 positibo daude, 313 ospitaleratuta. Bizkaian, 4.024 positibo daude, 1.193 ospitalean. Gipuzkoan, 1.356 positibo daude, 335 ospitalean.
Nafarroan, berriz, hamar pertsona hil dira azken 24 orduetan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 151 dira birus horren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Guztira, 2.836 pertsonak eman dute positibo, azken 24 orduetan 154 positibo gehiago izan baitira. Sendatu diren gaixoen kopurua 278 izatetik 294 izatera pasatu da Foru Erkidegoan. Bestalde, 1.284 pertsona ospitalean daude; horietatik, 119 zainketa berezien unitatean.
100.000 biztanleko intzidentzia metatua 348,82 da Nafarroan, Espainiako batez bestekoaren gainetik (348,82).
Espainiak 900 hildako baino gehiago zenbatu ditu egun batean
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 10.935 pertsona hil dira koronabirusa dela eta azken 24 orduetan. 117.710 koronabirus kasu zenbatu dituzte, hau da, 7.472 gehiago.
Halaber, 6.416 gaixo zainketa berezien unitatean daude, 324 gehiago, eta beste 8.270 pertsona sendatu dira; beraz, 30.513 dira jada, Salvador Illak zuzentzen duen Sailak emandako azken datuen arabera.