Itxi

Gizartea

KORONARIBUSA

Kurbaren gailurrera iritsi eta "moteltze fasea" hasi dela esan du Illak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kurbaren jaitsiera bizkortzeko beste "ahalegin bat" eskatu du Osasun ministroak, eta ohartarazi du "oraindik egun zailak" geratzen direla osasun sistemarentzat.

  • Salvador Illa gaurko agerraldian

    Salvador Illa Osasun ministroa. Argazkia: EFE

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak esan du Espainiak "lehen helburua" lortu duela koronabirusaren aurkako borrokan, kutsatzeen kurbaren gailurrera iritstea, eta orain pandemiaren "moteltze fasea" hasten ari dela adierazi du.

Kongresuko Osasun eta Kontsumo Batzordean egindako agerraldian, Illak azken asteko zenbait datuk gailurrera iristea justifikatzen dutela nabarmendu du: Kutsatu berrien kopurua % 8 hazi da ostegun honetan, aurreko asteko % 18rekin alderatuta.

Era berean, zainketa berezien unitateetan sarreren igoera murriztu egin dela nabarmendu du: ostegun honetan % 4koa izan da, eta orain dela astebete % 16koa zen. Bestalde, heriotzen kopurua % 10,5ekoa da orain, joan den astean, berriz, % 19koa zen. Gainera, % 18 sendatu gehiago daude egunean, duela astebete baino bost hamarren gehiago, batez beste.

"Ez dago datu onik hainbeste hildakorekin, baina kurba egonkortu egin da. Gailurrera iristeko lehen helburua lortu dugu, moteltze fasea hasten ari baikara", esan du ministroak. Dena den, kurbaren jaitsiera bizkortzeko, "beste ahalegin bat" egin behar da. "Oraindik aste gogorrak geratzen dira, baina denon artean lortzen ari gara", argudiatu du.

Illaren arabera, izurritearen "dinamikaren" ondorioz, osasun kolapsoak jarraitu eta okerrera egingo du datozen egun eta asteetan. "Oraindik egun zailak geratzen dira gure osasun sistemarentzat", ohartarazi du.

Egoera hori gorabehera, osasun sistema erronka horren "mailan" dagoela eta egongo dela defendatu du. "Sendotasunez, eskuzabaltasunez eta elkartasunez erantzuten ari gara", esan du.

Azkenik, ministroak esan du "osasuna ekonomiaren aurretik" dagoela, "osasunik gabe ez baitago ekonomiarik", koronabirusaren ondorioak arintzeko alarma egoeran abian jarritako neurri murriztaileen harira. "Argia dago tunelaren amaieran, normaltasuna berreskuratuko dugu", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.