Gizartea
Koronabirusa
Bere langileei babes-materiala berehala emateko eskatu dio ELAk Osakidetzari
eitb.eus
Koronabirusean positibo emandako herritar guztien % 18 Osakidetzako langileak direla nabarmendu du sindikatuak, eta babes-materialek kalitate estandar batzuk bete behar dituztela gaineratu du.
-
Osasun arloko langileak Osakidetzaren ospitale batean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Osakidetzak bere langileei beharrezko babes-materiala "berehala" ematea eskatzeko helegitea aurkeztu du ELA sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian (EAEJAN). "Hain zuzen ere, funtsezko zerbitzua delako bereziki babestu behar da", nabarmendu du sindikatuak.
"Guztiok ikusi ditugu egunotan euren ekipoak zabor-poltsa edo beste material batzuekin egindako profesionalen irudiak. Gainera, kasu batzuetan, eskura dagoen materialak ez du behar besteko kalitaterik, jasotako txabusina iragazgaitz batzuk oso erraz hausten baitira", salatu du sindikatuak ohar batean.
Azken asteotan, ELAk publikoki zein Osakidetzaren beraren aurrean salatu du "babeserako materialaren eskasia". Horren ondorioz, martxoaren 31ko datuen arabera, Osakidetzako 1.145 langilek eman dute positibo koronabirusean; horietako 44 ospitaleratu behar izan dituzte, eta bat hil egin da, ELAk gogora ekarri duenez. Horrez gain, koronabirusean positibo emandako herritar guztien % 18 Osakidetzako langileak direla azpimarratu du sindikatuak.
"Eskasia" horren aurrean, Osakidetzak "materiala erabiltzeko irizpideak ere prekarizatu" dituela oharazi du ELAk, eta horrek, sindikatuaren iritziz, "langileen babes-maila murrizten du". Hala, kirurgiako maskarak apurtu arte berrerabiltzea edo plastikozko mantal bat gainetik duten mantal iragazkorrak erabiltzeko agintzen dietela ziurtatu du.
Ildo horretatik, herritarrek osasun arloko profesionalei adierazi dieten elkartasuna "oso positiboa" dela adierazi du ELAk, baina langileen segurtasuna "ezin da beste pertsonen borondatearen menpe egon; Eusko Jaurlaritzak bermatu behar du. Azpimarratu behar da, gainera, beharrezko babes-materialek kalitate estandar batzuk bete behar dituztela, eta azken asteetan emandako materialak ez dituela beti betetzen".