Gizartea
Koronabirusa
Arrisku egoeran dauden pertsonei sendagaiak eramateko sistema hedatu da EAEn
Agentziak | Erredakzioa
Ekimena arriskuan dauden pertsonei (adineko pertsonei edota aurretiko patologiak dituztenei) zuzenduta dago. Gurutze Gorriko eta DYAko bolondresen bitartez gauzatuko da eta garraioa guztiz doakoa da.
-
Zerbitzuan parte hartu nahi duten pertsonek erakundeen dei ofizial bat jasoko dute. Argazkia: EiTB.
COVID-19a hartzeko arrisku handiagoa duten pertsonak sendagaiak jasotzen hasiko dira euren etxebizitzetan, konfinamendua irauten duen bitartean. Ekimenaren aurretik, proba pilotu bat egin dute, Bizkaiko Farmazien Elkargo Ofizialak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak bultzatuta. Aurreko astean burutu zen, eta Durangoko 11 farmaziak eta Iurretako batek parte hartu zuten.
Bizkaiko Farmazien Elkargo Ofizialak jakinarazi duenez, arriskuan dauden pertsonei (adineko pertsonei edota aurretiko patologiak dituztenei) zuzendutako ekimenak etxetik atera gabe behar dituzten sendagaiak jasotzeko aukera ematen du, eta horretarako, aldez aurretik Foru Aldundiaren edo beste erakunde batzuen deia jasoko dute, zerbitzua erabili nahi dutela baieztatzeko. Pertsona horiek koronabirusarekiko duten esposizioa ahalik eta gehien murriztea da xedea.
Era honetara, farmaziek zerbitzu hori erabili nahi duten pertsonen zerrenda jasoko dute, eta Gurutze Gorriko eta DYAko bolondres talde batek sendagaiak banatuko ditu, orain arte egiten ari diren segurtasun pertsonaleko protokoloak aplikatuz.
Bolondres horiek ondo identifikatuta daude; izan ere, Gurutze Gorriaren edo DYAren identifikazio-txartelak eta dagozkien kredentzialak eramaten dituzte, era berean, ez dira etxebizitzetan sartzen; botikak atean uzten dituzte, segurtasun neurri guztiak mantenduz, gerta daitezkeen kutsatzeak saihesteko.
Zerbitzu hori erakundeen dei ofizial batekin aktibatzen da, bolondresak "oso ondo identifikatuta daude eta ez dute inoiz dirurik eskatzen sendagaiak emateko, guztiz doakoa baita", adierazi du Bizkaiko Farmazien Elkargo Ofizialak.