Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Gipuzkoako eta Nafarroako farmaziek, indarkeria matxistaren aurkako kanpainarekin bat

Agentziak | Erredakzioa

Biktimak babestu nahi duen ekimena da. Pairatzen duten emakumeek farmazian 'Maskara-19' esanez, protokoloa aktibatuko da.

  • Usurbilgo farmazia bat, artxiboko irudian

    Usurbilgo farmazia bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Gipuzkoako eta Nafarroako farmaziek bat egin dute, Aldundiarekin eta Foru Gobernuarekin elkarlanean, Estatu mailan abiatutako 'Maskara-19' kanpainarekin, koronabirusaren krisian zehar indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei laguntzea helburu. Krisia amaitu arte, ekimen honen bidez, indarkeria horretako biktimak diren emakumeek babesa eta laguntza eskuratuko dute, farmazian 'Maskara-19' esanez. Bizkaiko farmaziek aurreko astean egin zuten bat kanpainarekin.

Horrela, aste honetatik aurrera, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek, edo pairatzeko arriskua dutenek, bi lurraldeetako edozein farmaziatara joan ahal dute, eta laguntza "era diskretuan" eskatzeko aukera dute. Farmazian dauden langileei 'Maskara-19' esanez, pasahitza balitz bezala, abisatuko du indarkeria matxista jasan duela edo pairatzeko arriskua duela; izan liteke genero-indarkeria, edo sexu-erasoa.

Une horretan, farmaziako langileek emakume horientzako babes- eta arreta-protokoloa abiatuko dute; beharrezkoa balitz, Arreta Zerbitzuak arduratuko lirateke kasuaz. Laguntza-eskarietan, eskatzaileen eta babesa ematen duen farmaziaren anonimotasunari eutsiko diote, betiere.

Baliabide honen bidez, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek beste laguntza-bide bat izango dute eskuragarri, ohiko zerbitzu eta baliabideez gain.

Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak nabarmendu duenez, konfinamenduak indarkeria matxistako kasuak areagotu edo gaiztotu litzake: "Farmazia, alarma-egoeran, zerbitzu ezinbestekoa da, eta herritarrak bertara joan ahal dira; hortaz, komunikazio- eta babes-bide berri hau lagungarria izan daitekeelakoan gaude", adierazi du.

Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak, bere aldetik, kanpainak lau helburu dituela zehaztu du: konfinamendu-egoeran indarkeria matxistaren biktimek kasu gehiagoren berri eman ahal izatea, balizko erasotzaileei asmoa kendu, gizarte- eta osasun-eragileak genero-indarkeriaren aurkako borrokan nahastea, eta gizartea sentsibilizatzea, indarkeria matxistaren arazoaren aurrean.

Remirezek, Nafarroako Gobernuko Berdintasun kontseilaria bera, gogora ekarri du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, osasun-krisiaren hasieran, beste kanpaina bat ere abiatu zuela. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.