Gizartea
Koronabirusa
Jende gutxiago dabilen orduetan zerbitzua murriztuko du Bilbobusek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alarma egoera indarrean den bitartean ordutegiak egokituko dituzte, baina puntako orduetan zerbitzua % 100ekoa izango da, eta Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako lineatan ez da aldaketarik izango.
-
Bilbobus bat udaletxe aurrean. Argazkia: Bilboko Udala
Koronabirusagatik alarma egoera indarrean dagoen bitartean, Bilbobusek zerbitzua murriztuko du jende gutxiago izan ohi den orduetan. Alabaina, puntako orduetan zerbitzua % 100ekoa izango da.
Azken autobusak 22:00ak eta 22:30 bitartean aterako dira, eta lanera edo ospitaleetara joan behar duten pertsonen joan-etorria bermatuko dute.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak herritarren mugimendua gehiago murrizteko eta funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko asteburuan hartutako neurriaren ondotik erabaki dute autobus zerbitzuaren ordutegian aldaketak egitea.
Hori bai, Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetatik igarotzen diren lineatan -38, 57, 58, 85 eta A9- zerbitzua % 100ekoa izango da.
Gauzak horrela, zerbitzua % 100ekoa izango da linea guztietan, goizeko lehen ordutik hasi eta 09:00ak arte; 12:00etatik 15:30etara; eta 20:00etatik aurrera. Autobus gutxiago ibiliko dira: 09:00etatik 12:00etara; eta 15:30etatik 20:00etara.
Gainera, azken autobusak lehenago aterako dira linea guztietan: 22:00ak eta 22:30 bitartean, hain zuzen ere.