Itxi

Gizartea

Pandemia

Indarkeria matxistaren biktimek erreztasunak izango dituzte laguntzak jasotzeko

agentziak | erredakzioa

Jaurlaritzak kudeaketa telematikoki egiteko bidea ireki die indarkeria matxistaren biktimei covid-19aren osasun krisiak irauten duen bitartean.

  • Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: EiTB

    Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: EiTB

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoenak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako dirulaguntzak eskatzeko bideak erraztea erabaki du, koronabirusaren ondorioz ezarrita dagoen alarma-egoerak irauten duen bitartean.

Malgutasun neurri horiekin, administrazio epeak geldirik eta sarrera fisikoen (ohiko sarbidea) erregistroak martxan ez dauden arren, indarkeria matxistaren biktimek bermatuta izango dituzte dirulaguntzak.

Aurrerantzean, izapide guztiak modu telematikoan egin ahalko dituzte. Horrela, laguntza eskatzeko aurkeztu behar ziren dokumentuak Internetez bidali ahalko dira, eta horretarako savvg@euskadi.net helbidea jarri dute martxan.

Dirulaguntza horien helburua diru-sarrerarik ez edo diru-sarrera txikiak dituztenei laguntzea da, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria jasaten duen emakumeak independizatzeko eta bizitza berri bat hasteko baliabideak izatea.

"Ordainketa bakarrekoa" da laguntza hori, eta "tratu txarrak bizi dituen emakumeari hortik ateratzeko bidea" ematea da helburua, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez. Arau berezi hori alarma-egoeran egongo da indarrean.

Indarkeria matxistaren biktimek arreta berezia jasotzen dute Lanbiden ere, orientaziorako trebatutako langileak baitaude bertan. Aurrez aurreko zerbitzua etenda badago ere, webgunearen edo telefonoen (945 160 600 / 630 305 452) bitartez jo dezakete enplegu zerbitzura.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.