Itxi

Gizartea

Konfinamendu agindua

412 salaketa eta bi atxiloketa izan dira, ostiralean, Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Bizkaia izan da arau-hauste gehien antzeman diren lurraldea; Arabaren eta Gipuzkoaren aurretik.

  • Bi ertzain, autor-gidari baten dokumentazioa aztertzen

    Bi ertzain, autor-gidari baten dokumentazioa aztertzen. Argazkia: Efe.

Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek 412 salaketa jarri zituzten ostiralean, ostegunean baino 18 gutxiago, eta bi pertsona atxilotu zituzten, aurreko egunean baino 9 gutxiago, COVID-19 koronabirusaren hedapena gelditzeko ezarritako alarma egoeraren araudia urratzeagatik.

Ertzaintzak 214 pertsona zigortu zituen eta bat atxilotu. Udaltzaingoek, berriz, 198 pertsona salatu zituzten, eta bakarra atxilotu.

Bizkaia izan zen urraketa gehien antzeman ziren lurraldea, 198 salaketa eta bi atxiloketarekin. Araban 102 espediente zabaldu ziren, eta Gipuzkoan, 112.

Halaber, guztira, 2.037 pertsona identifikatu eta 5.834 ibilgailu gelditu zituzten mugikortasunari ezarritako murrizketa legeak betetzen dituzten ala ez aztertzeko.

Kontrolak errepideetan

Asteburu honetan, eta San Jose zubian egin bezala, Ertzaintza eta udaltzaingoak kontrol zehatzak egiten ari dira errepideetan eta garraio publikoetako geltokietan jendeak EAEko eta EAEtik kanpoko bigarren etxebizitzetara joan-etorriak egitea galarazteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.