Gizartea
KORONABIRUSA
Beste sei heriotzak 29ra igo dituzte Arabako egoitzetan hildako adinekoak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baliabide horien erabiltzaileen artean 136 dira Covid-19 gaitzaren kasuak, gehienak zentro pribatuetan.
-
Gasteizko San Martín adinekoen egoitza. Argazkia: Sanitas
29 pertsona hil dira orain arte Arabako adinekoen egoitzetan koronabirusaren ondorioz, azken 24 orduetan sei pertsona gehiago hil ondoren zentro horietako erabiltzaileen artean. Covid-19aren krisia hasi zenetik hildako hiru pertsona Foru Aldundiaren menpeko zentroetan bizi ziren; beste 26ak, berriz, beste mota bateko egoitzen erabiltzaileak ziren.
Koronabirusaz kutsatutakoen eguneratzearen arabera, 136 kasu daude adinekoen egoitzetako baliabide horien erabiltzaileetan.
136 kasu positiboetatik 16 ospitaleratutako pertsonei dagozkie, eta kutsatutako beste 120 pertsonak beren egoitzetan artatzen ari dira. Era berean, Covid-19arekin diagnostikatutako pertsonetatik 94 zentro pribatuetako erabiltzaileak dira, eta gainerako 42 pertsonak lurraldeko foru eta udal zentroetan bizi dira. Ezinduentzako egoitza zentroen eremuan, zortzi kasu positibo izan dira, eta pertsona horietatik zazpi ospitalean daude.
Erreferentzia zentroa
Datorren astean Zadorra foru egoitza sareko adineko pertsonentzako Arabako erreferentziazko arreta bereziko zentro gisa funtzionatzen hasiko dela jakinarazi du foru gobernuak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin koordinatuta, zentro horrek aukera emango du lurraldeko adinekoentzako gizarte-zerbitzuen sarean koronabirusak eragindako pertsonei arreta "kontzentratuagoa" emateko.
Zentro hori sortzearen helburua mendekotasuna duten pertsonen osasuna zaintzea da, sistema publikokoa zein pribatukoa, "kutsatzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin" sintomak dituzten edo egindako testetan positibo eman duten beste erabiltzaile batzuekin.
Gaur egun zentro horretan bizi diren pertsonak, arreta neurri gisa, ez dira beste inongo egoitzatara eramango. Gainera, erabiltzaileak beren egoeraren arabera taldekatzen jarraituko dute. Hala, koronabirusaren diagnostikoa dutenak edo susmoaren araberako zaintza dutenak isolatuta egongo dira eta egoitzako sektore berezituetan.
Aldundiaren aurreikuspenen arabera, datozen egunetan hasiko dira Zadorrara eramaten Covid-19an positibo eman duten adineko pertsonak, haien egoerari behar bezala erantzuten jarrai ditzaten. Egoera hori osasun-alertak irauten duen bitartean mantenduko da.
Helburu horrekin, egoitza eta ekipamendua osatzen duten bi eguneko zentroak egokitzen ari dira, gutxienez 170 plaza har ditzaten. Ostiral honetan 70 ohe berri jarri dituzte, eta zentroa desinfektatzen hastea ere aurreikusita dago.
Gipuzkoak zortzi positibo berri erregistratu ditu Covid-19an
Gipuzkoak zortzi positibo berri erregistratu ditu Covid-19an adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean, lurraldeko 65 zentroetan bildutako azken datuen arabera. 5.425 adinekori ematen zaie arreta. Guztira, 76 dira egoitzetan kaltetutakoak, eta 13 ezinduentzako baliabideetan.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman duenez, positibo berriak Ordiziako San Jose egoitzan izan dira, eta sei positibo eman dituzte: bat Arrasaten, Iturbide egoitzan, eta beste bat Egogainen, Eibarren. Guztira, 4 pertsona daude birusak jota.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta Osakidetzarekin elkarlanean, kale egoeran dauden pertsonen arreta indartzen jarraitzen duela gogorarazi du bozeramaileak.
"Helburua udaletako eta gizarte erakundeetako arreta dispositiboak indartzea da oraindik ere, herri ahulenak eta egoera honen aurrean babesik gabe daudenak babesten jarraitzeko", adierazi du Mendozak.
Horregatik, Hondarribiko aterpetxea prestatzeaz gain, Orioko aterpetxea bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen arretarako bideratu dute. Horrela, "Caritasen Hotzaldi baliabideari babesa ematen diogu eta gaur bertan 20 pertsona Orioko aterpetxera eraman dituzte", azaldu du Mendozak. Zarauzko aterpetxea ere atontzeko lanean ari direla gaineratu du.