Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Garraiolarientzako zerbitzuguneak eta geltokiak funtsezko zerbitzuak izango dira

Agentzia | Erredakzioa

Espainiako Gobernuak, baina, oraingoz, ez du aurreikusi autobideetan kamioiei bidesaria ordaintzeko beharra kentzeko aukera.

  • Garraiolari bat

    ETBren bideo batetik lortutako argazkia

Espainiako Gobernuak, Garraio Ministerioaren bitartez, funtsezko zerbitzutzat joko ditu sukaldaritza-gune jakin batzuk, garraiolariei, militarrei eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoei eta funtsezko beste langile batzuei zerbitzu hori bermatzeko.

Maria Jesus Rallo Garraioen idazkari nagusiak aurreratu duenez, ekimen hau orain arte hartu diren ekimenei gehitu zaie, osasun-krisian eta alarma-egoeran hornidurak eta funtsezko beste zerbitzu batzuk bermatzeko lan egiten dutenen mugikortasuna eta zerbitzuak errazteko.

Neurria duela egun batzuk langile horiei jateko eta garbitzeko aukera eskaintzeko establezimendu horiei eman zien agindua baino harago doa, eta orain dela bi egun onartutako aginduaren barruan sartuko da; horren arabera, Espainia osoko 370 hotel inguru irekiko dituzte kolektibo horiei ostatu emateko.

Errepide bidezko salgaien garraioari dagokionez, Garraioen idazkari nagusiak adierazi du, oraingoz, Gobernuak ez duela aurreikusi autobideetan kamioiei bidesaria ordaintzeko beharra kentzerik. "Baina dena dago mahai gainean", gaineratu du Rallok, erabakia egoeraren bilakaeraren arabera ari baitira hartzen.

AHTaren lanak

Era berean, Jose Luis Abalosek zuzentzen duen ministerioko goi-kargudunak garrantzia kendu dio egungo krisiak abian dauden AHTaren lineen lanen martxan eta garapenean izan dezakeen balizko inpaktuari.

"Birusarekin amaitzea da orain lehentasuna, eta horretara ari da zuzentzen Ministerioa bere ahalegin guztia", esan du Rallok. "Behin krisia gaindituta eta normaltasunera itzulita, haren ondorioak aztertuko dira, baina orain garrantzitsuena pandemiarekin amaitzea da, eta normaltasun horretara ahalik eta azkarren itzultzea", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.