Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Espainiak Txinatik jaso dituen akastun test azkarrak ordezkatu egingo ditu ekoizleak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txinan erositako 9.000 test bueltatu egin behar izan ditu Espainiako Gobernuak, behar bezala funtzionatzen ez zutela egiaztatu eta gero.

  • Koronabirusa atzemateko test azkarrak.

    Txinan erositako 9.000 test bueltatu egin behar izan ditu Espainiako Gobernuak.

COVID-19a atzemateko Txinako enpresa batek Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari bidali berri dizkion akastun test azkarrak "berehala ordezkatuko" ditu ekoizle horrek berak, eta, oraingoan, "zuzen funtzionatzen dutela baieztatuta" iritsiko dira.

Fernando Simon Osasun Larrialdi eta Alerta Zentroko zuzendariak Koronabirusaren Kudeaketarako Batzorde Teknikoaren bileraren ostean egindako agerraldian esan duenez, "Espainiara iristear" daude test azkar berriak, eta "epe laburrean" COVID-19 gaitza atzemateko azterketa gehiago egiteko aukera izango dutela ziurtatu du. "Oraingoan bai, aurretik testak balekoak direla ziurtatu dugu", gaineratu du.  

Simonen arabera, "Espainiak edozein erosketa egiterako, beti ziurtatzen du produktuaren kalitatea eta jasoko duenaren fidagarritasuna". Kasu honetan ere hori egin dutela adierazi du.

Test azkarren erosketaren eskaria hainbat fasetan egin zutela eta lehendabiziko sortan jasotakoak direla akastunak  zehaztu du Osasun Larrialdietarako arduradunak. Horren arabera, 9.000 test iritsi ziren aurreneko bidalketa horretan, eta jaso orduko Mikrobiologia Zentro Nazionalean aztertu zituzten. Berehala jakin zuten akatsa zutela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.