Gizartea
Genero indarkeria
Indarkeria matxistaren aurkako telefonoa sei hizkuntzatan zabaldu du Emakundek
eitb.eus
Kartel horietan, biktimari arreta emateko 24 orduko telefonoa (900 840 111) eta larrialdi baten kasuan erabili beharreko telefonoa (112) agertzen dira.
-
Indarkeria matxistaren aurkako telefonoa sei hizkuntzatan zabaldu du Emakundek
Emakundek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin eta Segurtasuneko Sailarekin batera, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko telefonoei buruzko informazioa zabaldu du sei hizkuntzatan, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz sortutako salbuespenezko egoeraren aurrean.
Zehazki, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugesez eta errumanieraz egin dituzte informazio-kartelak. Mezu horietan, biktimari arreta emateko 24 orduko telefonoa (900 840 111) eta larrialdi baten kasuan erabili beharreko telefonoa (112) agertzen dira.
Karteletan, gainera, 112 larrialdiko telefono-mugikorretarako aplikazioa eskuragarri dagoela gogorarazten da. Entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonek ere erabil dezakete, eta GPS sistemaren biddez geolokalizaziorako aukera ematen du.
Emakundek, informazio-kartel horiek beren lokaletan jartzeko eskatu die uneotan jardunean dauden saltokiei. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin, Segurtasuneko Sailarekin, Osasun Sailarekin eta Lan eta Justiziako Sailarekin, aldundiekin eta udalekin koordinatuta lan egiten ari da, alarma-egoera zenetik krisiak eskatzen duen herritarren konfinamendu-aldian indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei erantzunik onena ematen saiatzeko.
Ildo horretatik, zerbitzu guztiak martxan daude, eta, egun hauetan aparteko premiarik identifikatu ez duten arren, behar izanez gero neurri osagarriak hartzeko prest daude.
Une honetan, Jaurlaritzaren eta aldundien baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa biltzen ari dira, baita EAEko udal bakoitzaren zerbitzuei buruzko informazio zehatza ere, Eudelen laguntzarekin.
Emakumearen Euskal Erakundeak, beste elkarteekin elkarlanean dagoela jakinarazi du. Ostegun honetan jakinarazi zuenez, indarkeria matxista salaketa kopurua erdira murriztu da konfinamendua hasi zenetik, baina hori hainbat faktoreren ondorio izan daitekeela argitu zuen, hala nola emakumeek izan dezaketen salatzeko zailtasunaren ondorio, eta, beraz, alerta egoera mantentzeko deia egin zuen.