Gizartea
Laneko segurtasuna
Garbitzaileen sektoreak babesteko material gehiago eskatu dio Jaurlaritzari
Agentziak | Erredakzioa
Garbiketako langileei norbera babesteko ekipamenduak helarazteko zailtasunak dituztela salatu dute.
-
Garbitzaile bat, autobus bat barrutik garbitzen. Argazkia: Efe.
Garbiketa Enpresen Elkarte Profesionalak EAEn ari diren enpresei langileak babesteko ekipamenduak lortzeko laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Egunotan, garbiketako langileak ahalegin berezia egiten ari dira zentro eta eremu guztiak "araudiari jarraituta" garbitu eta desinfektatzeko, koronabirusa hedatzea galarazteko.
Ohar baten bidez adierazi dutenez, idatzi bat bidali diote Jaurlaritzari, "garbiketako langileei euren lana segurtasunez egiteko behar duten materiala eta ekipamenduak emateko zailtasunak" dituztela ohartarazteko.
Halaber, "ekipamendu horiek lortzearen garrantzia" azpimarratu dute, "ohiko hornitzaileek ezin baitiote dagoen eskaerari erantzun", eta hornitzeko laguntza ere eskatu diote.
Oinarrizko jarduera
Horrez gain, garbiketa "oinarrizko jardueratzat jotzea" eskatu dute, eta "orain inoiz baino gehiago, garbiketa lanak indartzea"; izan ere, "ezinbestekoa" da "gaitza kutsatzeko arriskua txikitzeko".
Azkenik, garbiketa sektoreko elkarteek gogora ekarri dute estatu espainolean 400.000 pertsona ari direla eta euren lana "oinarrizkoa" dela "gizarte osoaren osasun publikoa bermatzeko, egunero lanean dabiltzalako prebentzioan laguntzeko eta gaitza kutsatzeko arriskua ekiditeko".