Gizartea
Koronabirusa
Osasun langileen babes falta salatu du Nafarroako Sindikatu Medikoak
Agentzia | Erredakzioa
Epaitegietara jotzeko erabakia hartu aurretik, "babeserako materialaren gabezia askotan" salatu izan duela ziurtatu du sindikatuak.
-
Nafarroako Ospitale Gunea. Argazkia: EFE
Lan-arloko epaitegian salaketa aurkeztu du Nafarroako Sindikatu Medikoak. Osasun arloko langileak babesteko neurri falta salatu du sindikatuak. Era berean, Lan Ikuskaritzari arazoa planteatuko dio ostiral honetan.
Iragarri bezala epaitegietara jotzeko erabakia hartu aurretik, "maila ezberdinetan babeserako materialaren gabezia eta protokolo argien falta askotan" salatu izan duela ziurtatu du sindikatuak.
Martxoaren 18an gutun bat bidali zion erakunde medikoak Osasun kontseilariari. Zazpi orrialdetan arazo sorta "berehala konpontzeko eskatu" zion sindikatuak buruzagiari.
"Osasun inguruabar bereziak (gaixotasun kronikoak, tratamenduak eta haurdunaldiak) dituzten profesionalak berehala babestea, etxean bakartuz; Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak aztertu bitartean", eskatu du sindikatuak.
Gainera, profesionalak trebatzeko programa bat exijitu du, batez ere "aldez aurretiko eskarmenturik gabe arriskuko lanak egingo dituzten" taldeak. Era berean, telefono zerbitzua indartzea eskatu du sindikatuak, "dagoeneko leporaino" dagoelako.
Bestalde, "baimenak atzera botatzeko arrazoiak idatziz ematea", "osasun zentro guztietan jarduera presentzial oro ixtea, larrialdiak salbu", eta ezinbestekoa ez den edozein profesional etxean mantentzea aldarrikatu dute.
Zerbitzuburuei eta osasun zentroetako zuzendariei agindu zehatzak ematea, eurak adostasunik gabeko bat-bateko erabakirik hartu behar ez izateko, eta publikoarekin harremanetan ari diren profesionalei babeserako materiala eskaintzea.
Azkenik, Nafarroako Ospitale Guneko eta Lehen Arretako protokoloak webgune ireki batean izatea eskatu du Sindikatu Medikoak, edozein unetan profesionalek kontsultatu ahal izateko. "Osasun zentro guztiei jarraibide argi eta berdinak ematea, hala nola, salbuespen neurriak, lokalen garbiketa sakona, pertsonen arteko distantzia eta osasun profesionalak etxean mantentzea", erantsi duenez.