Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzako 1.000 profesionalek baino gehiagok erabateko konfinamendua eskatu dute
agentziak | erredakzioa
Gogorarazi dutenez, "dagoeneko herrialde batzuk erabateko konfinamendura jo dute, kasu kopuru handiak dituzten herrialdeak denak, gure lurraldean gertatzen den moduan".
-
Osakidetzako langileak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako sektore guztietako mila profesionalek baino gehiagok "oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko ahal duen guztia egiteko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta ezar dezala "premiaz, herritarren erabateko konfinamendua", Covid-19 koronabirusari aurre egiteko neurri gisa.
"Covid-19ren pandemiari aurre egiteko lehen lerroan" lanean ari diren profesionalek izenpetutako testuan, Jaurlaritzari eskaera argia egin diote: Har ditzala "aurreikuspen okerrenak saihesteko eta kutsatze eta ospitaleratze kopurua ahal den guztia murrizteko bere esku dauden neurri guztiak oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta herritarren erabateko konfinamendua ezartzeko, premiaz, berandu izan baino lehen".
Horren harira, gogorarazi dute "dagoeneko herrialde batzuk" jo dutela "erabateko konfinamendura, kasu kopuru handiak dituzten herrialdeak denak, gure lurraldean gertatzen den moduan".
"Hala egin du duela gutxi Italiak, eta hori da osasun publikoko nazioarteko adituek, Txinako Gurutze Gorriak eta Estatuko 70 zientzialarik sinatutako ikerketa batek aholkatzen dutena", azpimarratu dute.
"Garai zailak" bizi dituztela aitortu ostean, "garai zailetan askotan erabaki zailak" hartu behar direla adierazi dute, eta "arazoak, kutsatzeak, sustraitik saihestu" behar direla.
"Ekonomia garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da bizitza. Erabateko konfinamendua hemen eta orain. Guztion artean lortuko dugu aurrera ateratzea", gaineratu dute oraindik babes gehiagoren bila ari diren Osakidetzako langileek.