Itxi

Gizartea

KORONABULOAK

Ez dago egiaztatuta hipertentsioaren aurkako botikek COVID-19 gaitza larritzen dutela

EITB

WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek ohartarazten duenez, hipertentsioaren aurkako botikak erabiltzea arriskutsua izan liteke koronabirusaren aurrean.

  • Hipertentsioaren aurkako botiken eta COVID-19 gaitzaren ustezko erlazioari buruzko buloa.

    Hipertentsioaren aurkako botiken eta COVID-19 gaitzaren ustezko erlazioaren buloa. Argazkia: EiTB

Azken aste hauetan, WhatsApp bidez asko zabaldu mezu baten arabera, hipertentsioaren aurkako botikak hartzen duten pertsonek, COVID-19 gaitza izateko arrisku handiagoa dute, ustez.

Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira harremanetan #Koronabuluak geldiarazteko asmoz EiTBk martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiarekin, eduki horri buruz ohartarazteko. Aipatu mezuak honela dio bere lehen paragrafoan (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

Se acaba de demostrar que el virus entra en la célula del alvéolo pulmonar a través del receptor ECAII. Cuando se une a él lo sobreexpresa y mata la célula alveolar. De ahí todo lo que produce. Los hombres tienen más receptores que las mujeres, los asiáticos más que los caucásicos y la gente que toma anti-hipertensivos del tipo antiECAs y sobre todo Anti-ECAII tiene una sobreexpresión brutal del receptor y por lo tanto es más susceptible a la infección y la infección es más grave.

Egun hauetan, EiTB VOST Euskadirekin (Larrialdietako Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) zein Maldito Bulo ekimenarekin dabil harremanetan koronabirusari buruzko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz. Hala, azken horiek dagoeneko jorratu dute esku artean daukagun gaia. Haien lanetik ondorioztatzen denez, auzi honi buruz dauden orain arteko frogak "gutxi dira, ez dute sendotasunik eta kontraesanean daude".

Honako hauek dira Maldita.es webgunean bildu eta egiaztatu dituzten datuak:

Kontraesanean dauden ikerketak

COVID-19 gaitzaren agerraldiaren hasieran, Txinan garatutako zenbait ikerketa zientifikok iradokitzen zutenez, hipertentsiorako sendagai batzuek larritu egin dezakete koronabirusak kutsatutako pertsonen egoera, baita haien heriotza-arriskua areagotu ere.

Hain zuzen ere, honako hauek ziren aipatzen zituzten sendagaiak: batetik, Angiotensina Bihurtzeko Entzima Inhibitzeko (IECA) tratamenduak, hau da, kaptoprila, enalaprila, lisinoprila edota ramiprila. Bestetik, Angiotensina Hartzaileen Aurkako (ARAII) tratamenduak, hots, losartana, balsartana edo olmesartana, besteak beste. Oso ohikoa da bihotzeko patologiak edo diabetesa duten pertsonek sendagai horiek erabiltzea.

Hala, aipatu ikerketa horien arabera, koronabirusa ECA2 izeneko entzima batekin batzen da zelulak infektatzeko, eta botika horiek erabiltzen dutenek entzima horren kopuru handiagoa izango lukete, infekzioa erraztuz eta haren ondorioak larriagotuz.

Dena den, beste azterlan batzuen ondorioen aburuz, ARAII tratamenduek konplikazio horien aurrean babesa ekar lezakete.

Esan beharra dago horiek guztiak atariko azterlanak besterik ez direla, bai paziente talde txiki bati buruzko atzera begirakoak, bai laborategiko zelula-kultiboei buruzkoak, bai aurreko SARS izurritearen informazioetan oinarritutakoak (2003an epidemia bat eragin zuen beste koronabirus bat).

Tratamenduak ez uzteko deiak

Gai honen inguruan, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) berriki eskatu du inork ez dezala bertan behera utzi aipatutako sendagaiekin duen tratamendua: "Talde horietako sendagaiak hartzen dauden pazienteek tratamenduarekin jarraitu behar dute, egun ezerk ez baitu justifikatzen alde batera uztea", adierazi zuen AEMPSek.

Ildo beretik mintzatu ziren Espainiako Kardiologia Elkartea eta Europako Kardiologia Elkartearen Hipertentsio Batzordea: "Ez dago ebidentzia klinikorik edo zientifikorik IECAren eta ARAren tratamenduak eteteko, COVID-19 gaitzaren ondorioz", azaldu zuten.

Beste botika batzuei erreferentzia

WhatsAppez zabaldutako mezua askoz ere zabalagoa zen, eta hainbat antiinflamatorioren (tartean, ibuprofenoa) eta COVID-19aren arteko harremanaz ere ohartarazten zuen. Maldito Buloren webgunean horri buruzko informazio gehiago lor daiteke.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.