Itxi

Gizartea

Koronabirusa COVID-19

Txagorritxuko kanpo kontsultetan 56 ohe gehiago izango dituzte ostiraletik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Txagorritxuko kanpo kontsulten eraikinean COVID-19a duten paziente batzuk artatuko dituzte, eraikinaren laugarren solairua egokitu eta gero.

  • Txagorritxuko Kanpo Kontsulten eraikina.

    Txagorritxuko Kanpo Kontsulten eraikina. Argazkia: EFE

Txagorritxuko ospitaleak 56 ohe gehiago izango ditu ostiral honetatik aurrera, koronabirusak kaltetutako gaixoak artatu ahal izateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Osakidetzako Arabako ESIko arduradunekin batera, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (Txagorritxu) kanpoko kontsulten eraikinaren instalazioak bisitatu ditu, eraikinean egindako moldaketak ikuskatzeko.

Laguntza-baliabideak handitzeko planean, eraikineko gainerako solairuak modu mailakatuan eraldatzeko ideia bildu dute. Eraldaketa beharren araberakoa izango da.

Osakidetzaren berrantolaketa-testuinguru honetan, Txagorritxuko ospitalean ere egokitzapenak egin dituzte: 5. C solairua zainketa berezien unitate gisara egokitu da, 14 box indibidualekin eta beharrezko materialarekin, zainketa berezien unitatearen ohiko boxez gain; 5.A solairuan, 7 gela gehiago lortu dira, 14 oherekin.

Era berean, eguneko ospitalea kanpo kontsultetara lekualdatu da, eta, horrenbestez, guztiz ekipatuta dauden 28 box lortu dira, ospitaleratze aurreko unitaterako erabiliko direnak.

Errehabilitazio-gimnasioak eraberritu egin dira 24 ohe gehiago egokitzeko. Halaber, 6. solairuko irakaskuntza-bulegoak eta guardiako gelak eraberritu egin dira, 22 oheko ospitalizazio-eremu berri bat jartzeko.

3. D solairuan, zeinean normalean ebakuntza-gelak dauden, zaintza berezien unitateko 8 paziente ere sar daitezke, eta saiakuntza klinikoen unitatean, berriz, 16 box.

Pediatriako larrialdiak eta haurdun dauden pazienteen premiazko arreta 1. solairura lekualdatu dira. Hala, helduentzako larrialdietan leku gehiago egotea lortu da.

Administrazioko postuak liburutegira lekualdatu dituzte, langileentzako aldagela berriak jarri dira, eta, larrialdietan, kristalezko manpara bereizleak jarri dituzte, gaixoari segurtasun handiagoa emateko.

Kaperan, 14 gela daude (28 ohe) guardiako egoiliarrentzat, eta guardiako beste gela batzuk ere egokitu dira 4. solairuko eremu batean.

Santiagoko ospitalean ere erreformak egin dituzte. 3. A solairua zainketa berezien unitate bihurtu dute, lo-unitatea 9 logeladun ospitaleratze-eremu bihurtu dute, eta eguneko ospitale zaharra ospitaleratze aurreko unitate. Gainera, psikiatria unitatea Arabako Ospitale Psikiatrikora eraman ostean, 7. B solairua jendea ospitaleratu ahal izateko egokituko da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.