Gizartea
koronabuloak
Ez da egia Interneteko datuen jarioa arriskuan dagoela
EITB
WhatsAppez zabaldutako mezu baten arabera, arazoak ager daitezke "Interneten erabilerarekin", baina adituek baztertu egin dute "telekomunikazioak arriskuan" daudela.
-
Ordenagailu Eramangarriak nabigatzeko eta telelana egiteko tresna erabilien artean daude. EFE
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz gure etxeetan sartuta egotera behartuta gauden egun hauetan, gora egin du telekomunikazioen erabilerak bai gure etxeetatik telelana egiteko, bai Internet erabiliz aisialdiko orduei aurre egiteko.
Datuen trafikoa areagotzen ari dela aitzakiatzat hartuta, "Interneten erabilerarekin arazoak" izan litezkeela ohartarazten duen jatorri ezezaguneko mezu bat zabaldu da WhatsApp bidez azken egunetan.
Hainbat lagunek galdetu dute gai horri buruz 600 900 454 telefono-zenbakian, hots, EiTBk, koronabirusarekin lotutako buloak geldiarazteko asmoz, martxan jarritako partaidetza-ekimenaren telefonoan. Herritarrek buloak izan daitezkeen argazkiak, testuak eta bideoak bidal ditzakete bertara, mezu horien egiazkotasuna argitze aldera. Ekimen horretan, VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin lankidetzan ari da EiTB.
Aipatu mezuak honela dio (jatorrizkoa, gaztelaniaz):
Nos recomiendan no enviar vídeos de chistes, música o información puesto que consumen gran cantidad de megas. Sí de texto.
Aparte de lo dicho x Movistar y otros operadores, hoy he estado hablando con dos personas cualificadas ligadas al mundo informático. Me decían que si la avalancha continúa así tendremos problemas con el uso de internet. Lo que significa la comunicación del tele trabajo, abastecimiento y todo lo que pueda afectar al buen funcionamiento de hospitales, servicios de urgencia, apps de información Coronavirus etc etc
Seamos solidarias y mandemos solo mensajes de texto o llamadas.
Pasadlo por favor.
Egia da alarma-egoerak ezarritako konfinamenduaren eraginez, areagotu egin dela telekomunikazioen erabilera. Horrela, Norberto Ojinaga Euskalteleko Sare eta Teknologia zuzendariak azaldu digunez, honako hauek dira egunotan Euskadin gehien eskatzen ari diren zerbitzuak (martxoaren 24an eguneratutako datuak):
Batetik, mugikorretako ahots-zerbitzuak. Hauetan bikoiztu egin dira eguneroko deiak. Alabaina, Ojinagaren esanetan "are garrantzitsuagoa" dena zera da: mugikorreko ahots-zerbitzuaren erabileraren gorengo puntuak, hau da, zerbitzua guztiok batera erabili nahi dugun uneak "% 50eko igoera" izan duela. Horren aurrean, "telefono finkoa maizago erabiltzea" proposatu du.
Bestetik, banda zabaleko zerbitzuak. Horiek % 80 hazi dira egunero, eta, horien kasuan, "erabileraren gorengo puntua % 50 baino gehiago areagotu da".
Zentzu horretan, Ojinagak zehaztu du baliabide horiek guztiak "monitorizatu" eta "areagotu" egiten dituztela hala dagokion lekuetan, eta ez dietela enbarazurik eragiten "larrialdietako funtsezko zerbitzuei". "Zehazki, eta adibide bat jartzearren, telelana egiteko ordutegiak ez du bat egiten 20:00etan hasten den datu-eskari handieneko tartearekin", azaldu du.
Dimentsionatutako telekomunikazioak
Horrenbestez, konpainia laranjako zuzendariak lasaitasun mezua bidali nahi izan du: "Telekomunikazioak ez daude arriskuan. Dimentsionatuta daude, ohi baino trafiko handiagoak jasateko".
Halaber, azpimarratu du telekomunikazio-sareak "asteko 7 egunetako 24 orduetan" daudela zaintzapean, eta horien erabileran gorakada nabarmena gertatzen denean, dagozkion "areagotzeak" egiten dituztela.
"Gu, operadoreok, gara telekomunikazioen kontsumo arduratsuari buruzko mezua helarazten ari garen lehenak, zenbait zerbitzutan pilaketak saihesteko, baina inoiz ez zerbitzua emateko ezintasunaren larritasunetik, baizik eta erabiltzaileak ahalik eta esperientziarik onena jaso dezan", gaineratu du.
Kontsumo arduratsua
Ojinagaren arabera, "azken 10 egun hauetako erabilera-ereduak ohikoak baino askoz handiagoak dira", eta, horregatik, operadoreen ardura da "monitorizatzea, dagokion lekuan zerbitzua areagotzea eta 24x7ko zerbitzua ematen dela bermatzea".
Horrez gain, Euskalteleko ordezkariaren aburuz, egokia litzateke erabiltzaileek "zentzuzko zenbait gomendio jarraitzea, betiere zerbitzua erabiltzeko garaian jasotako esperientzia ona izan dadin". Hiru dira berak aipatutako gomendioak:
- Telefonia finkoaren erabilera indartzea, "etxean baikaude".
- Datuak WiFi bidez erabiltzea.
- Ahots-komunikazioetarako ere lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp, etab.).
Ildo beretik mintzatu zen Jose Antonio Moran, Kataluniako Oberta Unibertsitateko Telekomunikazio Ingeniaritzako unibertsitate masterreko zuzendaria ere, martxoaren 18an Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan.
Moranek Boulevard Magazine saioan adierazi zuenez, "sarea ondo jasaten ari da trafikoaren gorakada". Era berean, daukagun sare azpiegitura "Europa mailan dagoen onenetakoa" dela gaineratu zuen, zuntz optikoari dagokionez.
Bestalde, nabarmentzekoa da Netflixek, Europar Batasunak hala eskatuta, bere emanaldien irudi-kalitatea jaitsiko duela 30 egunez, konfinamendu neurriak indarrean dauden honetan sareak gainez egin ez dezan. Streaming bidezko edukiak eskaintzen dituen plataforma digitalaren hitzetan, erabaki horrek Europako sareetako trafikoa "% 25 inguru" murriztuko du.
Telelana, sistemaren arabera
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat telelana da; izan ere, telelan-prozesuan egiten diren komunikazioak datu-premia handiarekin zuzenean lotuta egon daitezke.
Esaterako, EiTBko Sistemen sailetik azaldu digutenez, Euskal Irrati Telebistako langileek darabilten sistemaren sare-gaitasunari "apenas eragiten dio une bakoitzean lanean ari diren erabiltzaile-kopuruak".
"Hori bai, gure erabiltzaileen zeregin batzuek sarearen kontsumo handiagoa eskatzen dute; izan ere, finean, multimedia enpresa bat gara, eta, alde horretatik, gure erabiltzaileak oso ondo ari dira", gaineratu dute.