Gizartea
Koronabirusagatik
San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak bertan behera geratu dira
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 27 eta 28ko ekitaldi guztiak eta maiatzaren 1eko erromeia bertan behera geratu dira koronabirusaren pandemiaren ondorioz.
-
Estibalizko Andre Mariaren eguneko erremoreia. Argazkia: EiTB
San Prudentzio (apirilak 28) eta Estibalizko Andre Mariaren (maiatzak 1) jaiak bertan behera geratzen direla jakinarazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, astearte honetan. Erabakia hartzea ez dela erraza izan eta arabar bakoitzak jakingo duela "gure patroiaren eguna nola ospatu" esan du Gonzalezek.
"Ez da erabaki erraza izan, baina hartu behar izan dugu. Arabar bakoitzak jakingo dugu gure patroiaren eguna nola ospatu", adierazi du Arabako ahaldun nagusiak Foru Aldundiaren bileraren osteko prentsaurrekoan. Bestalde, Aldundiak koronabirusak eragindako egoera aldakorraren aurrean martxan jartzen jarraitzen dituen neurriak iragarri ditu Ramiro Gonzalezek.
Erabakia Ana del Val Kultura diputatuarekin adostutakoa izan da, COVID-19aren hedapena eteten laguntzeko helburuarekin, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz Araba egoera kezkagarria bizitzen ari baita.
"Uste dut lehen aldiz geratzen direla bertan behera", gaineratu du Arabako ahaldun nagusiak. Erretreta eta danborrada Gasteizko Probintzia plazan egiten dira apirilaren 27an, eta Armentiako Basilikaren inguruan erromeria, apirilaren 28an, San Prudentzioren omenez. Halaber, bertan behera geratu da maiatzaren 1ean Estibalizko Andre Mariaren omenez egiten den erromeria, baita ordura arte programatuta zeuden beste ekitaldi guztiak.