Gizartea
Koronabirusa
EHUk Osasun Sailaren esku jarri ditu bere giza baliabideak eta materialak
etib.us
Teknika birologikoen eta diagnostikoen alorreko 60 adituk baino gehiagok eskaini dute beren lankidetza.
-
Ikertzaile bat probak egiten. Argazkia: UPV/EHU
Euskal Herriko Unibertsitateak osasun agintarien esku jarri ditu PCR edo Polymerase Chain Reaction (COVID-19aren diagnostikoak oinarri duen prozedura) teknikan eta diagnostikoetan esperientzia duten langile guztiak, bai eta pandemia desagerrarazten laguntzeko baliabide material guztiak ere.
Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak eta Ikerketaren arloko errektoreorde Jose Luis Martinek jakinarazi dutenez, EHUk osasun agintarien esku jarri ditu 60 PCR makina edo birziklagailu termiko, COVID-19 koronabirusa diagnostikatzeko analisietan erabiltzeko, bai eta laborategi ugari ere lan egiteko eremu horretan.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko kide guztiak prest agertu dira osasun agintariekin aritzeko elkarlanean, behar dutenean; hain zuzen ere, PCRn oinarritutako teknika birologiko eta diagnostikoetan aditu diren 60 pertsona lanari ekiteko prest daude, agindua jasotzen dutenean.
Bere instalazioetan erabilgarri dagoen materialaren inbentarioa egin ondoren, EHUk honako hauek ere eman dizkio Osasun Sailari: 9.000 maskara, neurri desberdinetako 110.000 eskularru, 1.250 mantal, babeserako 150 betaurreko, 1.000 txano, oinetakoentzako 1.600 babes eta material gehiago (etanol % 70, etanol absolutua, gainazaletarako xaboia, gel hidroalkoholikoa eta alkoholik gabeko eskuetako esprai desinfektatzailea). Koronabirusaren krisia hasi zenetik, UPV/EHU harremanetan dago osasun agintariekin, eta prest agertu da bere esku dagoen guztian laguntzeko.
"Herritarrek ziurtzat jo dezakete gure gaitasun guztiak gizartearen zerbitzura jarrita daudela, bai azpiegiturei bai langile kualifikatuei dagozkienak, unibertsitate publikoa garen aldetik gure lehentasuna baita gizartearen beharrei erantzutea", adierazi du Fernando Tapiak.