Gizartea
Pandemia
Martxan da Koronabirusari buruzko informazioa jasotzeko 'call center'a
agentziak | erredakzioa
Egunean mila dei baino gehiago jasotzen dituzte Ibermaticak kudeatzen duen zerbitzu horretan, eta sintomak dituzten pertsonen arreta arintzea da helburua.
-
Osakidetzako langilea telefonoari erantzuten. Argazkia: EiTB
Osakidetzak Coronavirus Covid-19aren inguruko informazioa emateko iragarri zuen telefono zerbitzua eskaintzen hasi da jada Ibermatica, Osasun Kontseiluak sintomak dituztenentzat jarri zuen telefonoaren lana arintzeko helburuarekin.
Funtzionamendua lehenengo berbera da. Osasun Kontseiluak emandako arretarako telefonora deitu behar da (900 20 30 50), eta Ibermaticako langileek banatzen dituzte informazio eske deitzen dutenak eta sintomak dituztenak.
Ibermaticak jakinarazi duenez, herritarrek gaixotasunaren inguruan dituzten zalantza guztiak argitzeko zerbitzua izango da, Eusko Jaurlaritzak sustatua, eta gainez egiten ari zen Osasun Kontseiluaren telefonoari lagunduko dio.
Osasun Kontseiluak jarritako telefonoan (900 20 30 50) 50.000 dei baino gehiago jaso dituzte otsailaren 26tik. 10etik 6 informazioa jasotzeko ziren, nahiz eta osasun agintariek sintomak zituztenentzat bakarrik zela ohartarazi.
Zerbitzua arintzeko helburuarekin, Osakidetzak 'call center' hori jarri du martxan, eta deitzen dutenen itxaronaldia % 40 murriztea lortu dute. Ibermaticak kudeatzen duen zerbitzu horrek egunean mila deitik gora jasotzen du.
20 bat pertsona jarri dituzte hor lanean, eta 24 orduz ematen dute zerbitzua, egunero, etxetik, telelana baliatuta. Langile kopurua handitzeko aukera aurreikusi dute beharrezkoa bada edo eskaera handitzen bada, datozen asteetan gertatzen denaren arabera. Gainera, Ibermaticak informazio eskaera guztiak erregistratzeko webgunea ere garatu du.