Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Fiskaltzak ikerketa hasi du zahar-etxe batzuetan adinekoen hilotzak aurkitu ostean

Agentziak | Erredakzioa

Militarrek zahar-etxe batzuetan gaixorik dauden adinekoak aurkitu dituzte, "muturreko egoeran eta osasun baldintza txarrean; batzuk, ohean hilda".

  • Osasun arloko langileek Burgosko ospitale batera eraman dituzte adineko batzuk.

    Osasun arloko langileek Burgosko ospitale batera eraman dituzte adineko batzuk. Argazkia: EFE

Estatuko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu du astelehen honetan, zahar-etxe batzuetan gaixo dauden adinekoak osasun egoera txarrean dauden aztertu eta koronabirusaren eraginez hildako egoiliarrak dauden edo ez argitzeko.

Hala jakinarazi du Ministerio Publikoak ohar baten bidez, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko asmoz lanean ari diren Espainiako Indar Armatuetako kideek "erabat abandonaturik utzi dituzten adinekoak aurkitu ostean, horietako batzuk ohean hilda", Margarita Robles Defentsa ministroak astelehen honetan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez.

Hori dela eta, Estatuko Fiskaltza Nagusiak gertaera horiek ikertzea erabaki du, izan ere, "zahar-etxe batzuetan gaixorik dauden adinekoak aurkitu dituzte, muturreko egoeran eta osasun baldintza txarrean; batzuk, ohean hilda".

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak sortu duen osasun krisiaren ondorioz, Fiskaltzak zahar-etxeen jarraipena indartu du. Hori dela eta, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusiak bilera bat egin zuen joan den ostiralean, bideokonferentzia bidez, gainerako fiskal nagusiekin. Bilera horretan, Estatu mailako informazioa biltzeko eta jarraibideak emateko sare bat ezartzea adostu zuten, adineko pertsona horien eskubideen defentsan arreta bermatu eta modu berdintsuan jarduteko.

"Zahar-etxe horien arreta eta jarraipena Ministerio Fiskalaren jardueraren parte da, une honetan izurriteak Fiskaltzaren jardueran duen eraginari erantzun hobea emateko asmoz indartuta", esan zuen ohar baten bidez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.