Gizartea
Koronabirusa
Gasteizek autobus zerbitzua murriztuko du eta lan erregulazioa ezarriko die langileei
agencias | redacción
Udalak hiriko autobus garraioa "erdira murriztea" erabaki du "egoera eta eskari berrira egokitzeko". Ez da kaleratzerik izango, baina lan orduak eta soldata jaitsiko dizkiete langileei.
-
Tuvisaren autobusak. Argazkia: EiTB
Gasteizko Udalak hiriko autobusen garraioa "erdira murriztea" erabaki du "egoera eta eskari berrira" egokitzeko, eta Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostena ezarriko die langile guztiei.
Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkateak iragarri du "Tuvisaren zerbitzua nabarmen murriztuko" dela eta, aurrerantzean, hiriko autobusek "abuztuko lanegunetako maiztasuna" izango dutela.
Autobusen erabilera "% 80 eta % 90 artean murriztu da, baina zerbitzuari eutsi egin behar zaio, lantokira joateko aukera bermatzeko", azaldu du.
Urtaranek adierazi du "eserlekuak markatu" egingo dituztela "distantzia soziala bermatzeko", eta gehienez 20 pertsona joan ahalko direla 12 metroko autobusetan, eta 30, artikulatuetan.
Zerbitzuaren beherakada dela eta, "Udalak Aldi Baterako Lan Erregulazio txostena sustatu" du Tuvisako langileentzat. Urtaranek azpimarratu du "langile guztien lanpostua" bermatua dagoela, eta txostenak ez duela kaleratzerik suposatuko, baizik eta "ordu eta soldata murrizketa".
Bestalde, Udalak "Santa Barbarako eta autobus geltokiko aparkalekuak doan jarri ditu Santiago eta Txagorritxu ospitaleetako langileentzat".
Arriaga auzoko karabanen aparkalekua, berriz, itxi egin dute.