Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Ehorzketak eta errausketak 24 ordu igaro baino lehen egin daitezke

Agentziak | Erredakzioa

Salbuespenezko neurria da, eta alarma-egoerak irauten duen bitartean hilotz guztiei ezarriko zaie, betiere hildakoaren edo haren ingurukoen borondatearen aurkakoa ez bada.

  • Hileta-auto bat Madrilen, zerbitzua hasteko prest.

    Hileta-auto bat Madrilen, zerbitzua hasteko prest. Argazkia: EFE

Hilotz baten ehorzketa, errausketa edo zientziari egindako dohaintza orain arte derrigorrezkoa zen 24 orduko epea bete gabe egin daiteke jada, heriotzaren arrazoia koronabirusarekin lotuta egon ala ez.

Salbuespenezko neurria da, eta alarma-egoera indarrean dagoen bitartean hilotz guztiei ezarriko zaie, betiere hildakoaren edo haren ingurukoen borondatearen aurkakoa ez bada.

Alabaina, hilketen kasuan ez da neurri hori ezarriko, eta dagokion agintari judizialaren irizpideari jarraituko zaio.

Espainiako Gobernuko Osasun Sailak azaldu duenez, COVID-19 gaitzaren eraginez hildakoen kopuruak gora egin duelako hartu dute erabakia, hildakoei azken agurra ahalik eta azkarren emateko asmoz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.