Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Espainiako Gobernuak beste 15 egun luzatu du alarma egoera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Sanchez presidenteak telematikoki egiten ari diren bileran jakinarazi die autonomia erkidegoetako buruei erabaia. Gobernuak horretarako baimena eskatu beharko du orain Diputatuen Kongresuan.

1:53
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea

Alarma Egoera beste 15 egunez luzatzea erabaki du Espainiako Gobernuak,  Pedro Sanchez presidenteak autonomia erkidegoetako buruei telematikoki egiten ari diren bileran esan berri dienez.

10:00etan hasi dute bilera eta bideokonferentzian ondoan izan ditu Sanchezek Salvador Illa Osasun ministroa, Margarita Robles Defentsa ministroa; Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa; eta Jose Luis Abalos Garraio, Mugigortasun eta Agenda Urbanoko ministroa.

Alarma egoeraren luzapenak Aste Santuarekin bat egingo du, Pazko Igandean, apirilak 12, beteko baitira 15 egun. Ikusi egin beharko da nahikoa izango den edo egoera berriz ere luzatu egin beharko den.

Gobernuak Kongresura jo beharra dauka orain alarma egoera 15 egunez luzatzeko baimena lortzeko. Tramite hori beharrezkoa da Gobernuak egoera luzatu dezan; alarma, salbuespen eta setio egoerak arautzen dituen 4/1981 Legeak aurreikusten duen bezala.

Hala, Lege horren seigarren puntuak dio Parlamentuak onartu behar duela luzapena eta hark erabaki ditzakeela egoeraren baldintzak eta neurriak.

Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenetik Estatuko autonomia erkidegoetako presidenteekin egiten duen bigarren bideokonferentzia da gaurkoa. Asmoa, astero egitea da.

Bileraren ostean, jende osoarentzako prentsaurrekoa emango du Pedro Sanchezek. Printzipioz, 15:30 aldera izango da.