Itxi

Gizartea

COVID-19

Osasun Ministerioak koronabirusaren test arinak egingo ditu Estatu osoan

Agentziak | Erredakzioa

"Datozen egunetan", "lehentasunezko" lekuetatik hasita, Osasun Publikoko agintarien argibideen arabera, COVID-19ko test arinak egingo dituzte.

  • Egun 1,5 milioi babes-ekipo banatu dira

    Egun 1,5 milioi babes-ekipo banatu dira. Argazkia: EFE

Salvador Illa Osasun ministroak esan duenez, "datozen egunetan" hasiko dira koronabirusaren test arinak egiten Estatu osoan, Osasun Publikoko agintarien arabera lehentasuna duten lekuetatik hasita.

Hala jakinarazi du Osasun ministroak Pedro Duque Zientzia ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan, eta bertan adierazi du "ahalik eta lasterren" hasiko direla proba azkar horiek egiten.

Datozen egunetan material mota hori jasotzen hasiko direla azaldu du, eta, iristen joan ahala, probak "osasun Publikoko agintariek adierazten diguten ordenaren arabera" egingo dituztela, "lehentasunezkoagoa den tokian". "Hortik hasiko gara egiten", azpimarratu du.

Datozen egunetan test arin horien lanketa nola hedatzen den ikusten hasiko direla adierazi du, "hasieratik oso presente izan dugun estrategia bat delako, eta kasuen detekzioan eta isolamenduan laguntzeko egiten ari garen lanak osatuko dituena".

Enpresa batzuk test mota hori ekoizten ari dira, eta Osasun Sailak produktuak merkatuan izateko ekoizpen-ahalmena handitzeko eskatu die.

Osasun arloko profesionalentzako babes ekipoei buruz, Illak esan du Gobernua Estatuko baliabide guztiak mobilizatzen ari dela une honetan eskuratzen zailak diren produktuak hornitzeko, herrialde guztiak hornitzen saiatzen ari direlako.

Gaur egun 1,5 milioi babes-ekipo banatu direla azaldu du. "Behar diren lekuetan banatzen ditugu, Espainia herrialde solidarioa delako eta sistemaren kohesioa bermatu behar dugulako".

Horrez gain, Alemaniatik 300.0000 maskara eta babes ekipamenduetako partida garrantzitsu bat gaur bidean dela aurreratu du, eta bihar eta etzi artean gehiago etortzea aurreikusita dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.