Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Urkullu: "Guztion konpromisoa ezinbestekoa da; erronka hasi besterik ez da egin"

Agentziak | Erredakzioa

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen aurrekontua handituko duela iragarri du lehendakariak, eta Jaurlaritza osasun-egoeraren berri uneoro izateko app bat garatzen ari dela jakinarazi du.

1:42
Lehendakariaren agerraldia, Nekane Murgarekin eta Estefania Beltran de Herediarekin

Koronabirusaren aurkako borrokan "pertsona bakoitzaren konpromisoa ezinbestekoa" dela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan herritarrei helarazi dien mezu batean, eta erronka hori "hasi berria" dela gaineratu du.

Urkulluk Osasun eta Segurtasun sailburuekin batera egin du agerraldi telematikoa, Euskadin COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren bilakaera aztertu eta Osakidetzako profesional guztien lan eredugarria nabarmentzeko asmoz.

Lehendakaria herritarrei zuzendu zaie bere hitzaldian, eta indarrean dauden prebentzio-neurriak errespetatzea eskatu du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat prestatzen ari dela iragarri du, Korean erabiltzen den modukoa, izena ematen duten herritarrek haien osasun-egoeraren berri izan dezaten uneoro. Datorren asterako prest egongo da.

Lehendakariak pertsona bakoitzak auzolanean egindako ahalegina, konpromisoa eta ekarpena eskertu ditu bere hitzaldian. Hala, euskal gizarteari zuzendutako lau ideia azpimarratu ditu.

Lehena, koronabirusak eragindako erronka "hasi berria" dela. "Ahal dugun fronte guztietan ari gara lanean: neurri sanitarioak, sozialak, ekonomikoak, fiskalak, antolakuntzakoak, komunikaziokoak, hornikuntzen ingurukoak hartuz... Horrela jarraituko dugu: atsedenik gabe eta erabakitasun osoz", adierazi du.

Urkulluren bigarren mezua da "ezinbestekoa" dela "pertsona bakoitzaren konpromisoa. Ezin dugu pentsatu konponbidea medikuen edo adituen eraginkortasunari esker bakarrik etorriko dela. Ezinbestekoa da norberak prebentzio-neurriak zorroztea, arauak errespetatzea eta joan-etorriak saihestea", zehaztu du.

Hirugarren mezua da funtsezkoa dela etxean egoteko aginduari zentzu bat ematea, "giza eta gizarte balio handiko zentzua duen ahalegin pertsonal eta familiarra baita".

Azkenik, bazterketa egoeran edota etxerik gabe dauden pertsonentzako arreta indartzeko funts bat sortuko dela iragarri du, eta, era berean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako bideratutako aurrekontu-partida handitzeko asmoa ere. "Arreta berezia eskainiko diegu behar handiena duten familiei", gaineratu du.

Bestalde, Espainiako armadak Gasteizen kanpainako ospitalea jartzea ez duela espero esan du. Bere esanetan, "ez da neurri hori beharrezkoa izatea espero".

Halaber, atzo gauean Espainiako erregearen hitzaldiaren kontra EAEko toki askotan izan ziren "lapikokaden" inguruan galdetuta, protesta hori adierazpen askatasunaren baitan ulertu behar dela erantzun du lehendakariak, baina, hala ere, "osasun arloko langileei laguntzeko aldarria nabarmendu behar da. Hori txalogarria da, oso ekimen positiboa da".

Azkenik, krisi honek enpleguetan izango dituen ondorioez galdetuta, "kezkatuta" dagoela adierazi du. Ildo horretatik, indarrean dauden lan-erregulazio espediente gehienak aldi baterakoak direla nabarmendu du. "Denok nahi dugu krisi hau aldi baterakoa izatea eta lan-merkatuaren normaltasuna lehenbailehen berreskuratu ahal izatea", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.