Itxi

Gizartea

Koronabuloak

Ez da egia Ertzaintza bi pertsona doazen ibilgailuei isunak jartzen ari dela

EITB

Whatsapp bidez zabaldu den mezu baten arabera, Ertzaintza "300 eta 1.000" arteko isunak jartzen ari zaie bi pertsona doazen ibilgailuei.

  • Ertzaintzako agente bat, auto gidari batekin hizketan

    Ertzaintzako agente bat, auto gidari batekin hizketan. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Ertzaintza ez da bi pertsona doazen ibilgailuak zigortzen ari, baina bai "autoan bakarrik joatea" gomendatzen du, asteartean, martxoak 17, pertsonen zirkulazioa mugatzeko emandako gomendioekin ateratako oharrean.

Atzo, asteazkena, martxoak 18, WhatsApp bidezko mezu bat zabaldu zen "koronabisuaren inguruko 463 Errege Dekretuaren aldaketa" bati erreferentzia eginez, "klausula berri bat" indarrean sartuko zelan ohartaraziz. Aldaketa horren ondorioz, eta beti mezu horren arabera, Ertzaintzak "300 eta 1.000 euro arteko isunak" jartzen hasi behar zuen  "martxoaren 18ko 00:00etatik aurrera".

Hala ere, Ertzaintzak kaleratutako dokumentuan ez da horrelako ezer iragartzen, horren ordez, "autoan zirkulatu ahal izateko, bakarrik joatea gomendatzen da. Autoan bigarren pertsona bat badoa, atzeko eskuineko aldean eseriko da, segurtasun-distantzia errespetatuz".

Horrela, Ertzaintzak berak oharrean azpimarratzen duenez, ondorengo kasuetan bakarrik atera gaitezke etxetik: 

a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.

c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.  

d) Ohiko bizilekura itzultzeko.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.

f) Finantza- eta aseguru-erakundeetara joateko.

g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.

h) Antzeko beste hainbat jarduera egiteko; jarduerak bakarka egingo dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada.

Jarduera horiek banaka egingo dira, "desgaitasuna duten pertsonei, adingabeei edo adinekoei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada".

Horrez gain, oharrak argi uzten du ibilgailu partikularra ibilbide publikoetatik erabiltzea onartuta dagoela "aurreko atalean aipatutako jarduerak egiteko edo gasolina-zerbitzuguneetako hornikuntza egiteko".

Dokumentu osoa Ertzaintzaren atari ofizialean irakurri daiteke, Ertzaintzaren gomendioak pertsonen zirkulatzeko askatasuna mugatzeko neurriak ezartzeko izenburupean.

Araudian aldaketarik egonez gero, Ertzaintzak bere atarian argitaratuko du eta gainontzeko hedabide ofizialetan ere agertuko da.

 

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.