Itxi

Gizartea

Koronabuloak

Automobil-aseguruek indarrean jarraitzen dute alarma-egoeran ere

EiTB

UNESPAk ukatu egin du indarrean dagoen alarma-egoerarekin autoko aseguruen estaldurak bere balioa galtzen duela dioen informazioa.

  • Istripu batean kaltetutako auto bat.

    Istripu batean kaltetutako auto bat. Argazkia: Pixabay

Joan zen larunbatean koronabirusaren hedapena eteteko asmoz indarrean jarri zen alarma-egoerarekin batera hainbat izan dira sare sozialetan zabaldu diren informazioak, batzuk egiazkoak eta beste batzuk, ordea, okerrak. Azken horien adierazle da, besteak beste, aipatu alarma-egoerarekin auto-istripuren bat gertatuz gero automobil-aseguruen estaldurak balioa galtzen zutela dioen mezua.

Honela zioen hedatutako mezuak (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

"Recordad que en Estado de Alarma las aseguradoras no se hacen responsables de asistir y cubrir los accidentes de tráfico amparados por la póliza, salvo que se demuestre que el motivo del desplazamiento estaba autorizado según RD 463/2020. Ojo con esto!"

Horren aurrean, Aseguruaren Enpresa Elkarteak (UNESPA) ohar bat plazaratu zuen bere sare sozialetan mezu horretan adierazitakoa erabat ukatzeko. Bertan esandakoa "buloa" zela azaldu zuen elkarteak, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan zien asegurudun guztiei: "autoaren aseguruak alarma nazional egoeran ere babesten zaitu. Bai hirugarrenentzako aseguruak, bai arrisku orotakoak".

Beraz, nahiz eta joan zen larunbat gauean errege-dekretu bidez indarrean jarri zen alarma-egoerak automobilen ohiko zirkulazioa mugatzeko gaitasuna duen, bertan jasotako salbuespen jakinetarako izan ezik, aseguruek ez dute estaldurarik galtzen.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.