Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Autoa banaka erabiltzea eta bigarren pertsona atzeko eserlekuan joatea gomendatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ertzaintzak ibilgailuz joateko arrazoien azalpen "egiaztagarria" eskatu ahal izango die gidariei.

  • Trafikoa Bilbon

    Trafikoa Bilbon. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak ibilgailuz joateko arrazoien azalpen "egiaztagarria" eskatu ahal izango die gidariei. Horretarako, banaka erabiltzea gomendatzen da, eta, bigarren bidaiariren bat egonez gero, azken horrek atzeko eserlekuan joan beharko du, segurtasun distantzia errespetatuz.

Ertzaintzak ohar bat kaleratu du, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma-egoera dela eta, pertsonen zirkulazio-mugak ezartzeko gomendioak gogorarazteko.

Erabilera publikoko bideetatik elikagaiak, farmaziako produktuak eta behar-beharrezkoak direnak eskuratzeko; zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetara joateko; lantokira joateko; ohiko bizilekura itzultzeko; eta adinekoak, adingabeak, mendekoak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki kalteberak direnak zaintzen eta laguntzen joateko soilik ibili ahal izango da.

Baimenduta daude finantza eta aseguru erakundeetara joan-etorriak egitea, "ezinbesteko arrazoiagatik edo premia egoeragatik", baita banaka egin beharreko antzeko beste edozein jarduera ere, desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzen zaienean edo bestelako arrazoi justifikaturen batengatik izan ezik.

Ibilgailu partikularren zirkulazioa baimenduta egongo da jarduera horiek egiteko bada edo gasolindegietan eta erregaia hartzeko bada.

Nolanahi ere, osasun publikoa, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna dela eta errepideak edo errepide zatiak ixtea erabaki dezakeela gogorarazi du Ertzaintzak, baita arrazoi berberengatik ibilgailu jakin batzuen sarbidea murriztu dezaketela ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.