Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hirugarren hildakoa Nafarroan eta 38 kasu berri EAEn, gaur

eitb.eus

EAEn 765 pertsona daude guztira kutsatuta. Nafarroan, berriz, 350 dira kutsatuak, eta horietako 9 Zainketa Berezien Unitatean daude (7 Osasunbiden, eta 2 zentro pribatuetan).

Nekane Murga sailburua

COVID-19an positibo eman dutenen kopurua 765era iritsi da EAEn, aurreko egunean baino 38 gehiago. Hildakoen kopurua, alabaina, bere horretan geratu da (36), ez baita birusa duen beste inor hil azken 24 orduetan.

Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, datuok atzoko 20:00etako datuak dira, ordu horretakoak ematen baititu Espainiako Osasun Ministerioak ere.

Gipuzkoan kutsatu kopurua 90era igo da (1 gehiago), eta horietako 32 daude ospitaleratuta.

Bizkaian, berriz, kutsatuak 201 dira (bezperan baino 7 gehiago), eta horietako 96 daude ospitalean.

Azkenik, Araban, birusa gogorren jotzen ari den lurraldean, 474 dira kasuak (30 gehiago), eta 234 daude ospitalean.

Guztira, 362 dira birusarekin ospitaleratu dituztenak.

Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute ospitaleetako farmazietan ematen dituzten sendagaien hornidura "erabat bermatuta" dagoela, eta hitzordurik izan gabe zerbitzu hori ez erabiltzeko deia egin dute, jendea pila ez dadin.

Horren harira, Jaurlaritzak herritarren ardura eskaera berretsi du: sozialki bakantzea, leku publikoetan batik bat; eta higiene neurriak hartzea, tartean eskuak etengabe garbitzea, sintomak dituztenen kasuan bereziki. Izan ere, kutsatzeen % 95 sintomak dituzten pertsonak eragiten dituzte.

Gainazalak garbitu egin behar dira, pertsonekin metro edo metro eta erdiko distantzia zaindu, eta eztula egiten denean ahoa ukondoarekin estali. Era berean, sintomak dituzten pertsonek (sukarra, arnasteko arazoak) ezin dute adineko pertsonengana edo gaixotasun kronikoak dituztenengana hurbildu.

Nafarroa

Nafarroan, koronabirusaren eraginez foru erkidegoan hildako hirugarren pertsona erregistratu dute gaur. 88 urteko emakumezko bat da, astelehenean Iruñeko San Miguel klinikan ospitaleratu zutena, Osasun Departamentuak jakinarazi duenez. 

Nafarroan koronabirusarekin kutsatutakoak 350 dira, hau da, aurreko egunean baino % 27,7 gehiago, eta horietako 9 Zainketa Berezien Unitatean daude. Hiruk, berriz, gaixo-agiria jaso dute.

Ospitalean 93 gaixo daude (% 23), eta etxean, 254 (% 73), Carlos Artundo Osasun zuzendariak jakitera eman duenez. Artundok gogorarazi du bi direla hildakoak.

Bestalde, azpimarratu du 11 lagun etxean daudela ospitaleratuta, eta bide hori jorratu nahi dutela; izan ere, 250 gaixori etxean egiten diete jarraipena.

Zainketa Berezien Unitatean dauden bederatzi pertsonetatik, zazpi sare publikoan daude, eta beste biak, pribatuan.

Osasun Ministerioak 11.178 koronabirus kasu eta 492 hildako baieztatu ditu Espainiako Estatuan

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.