Itxi

Gizartea

Nafarroa

16 pertsona salatu dituzte Nafarroan etxean ez geratzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Koronabirusa zabaltzea saihesteko ezarritako araudia ez betetzeagatik eta arrazoirik gabe etxean ez geratzeagatik salatu dituzte.

  • Iruñeko Udala

    Iruñeko Udala. Argazkia: Vicente Guinea Gonzalez de Artaza

Iruñeko Udaltzaingoak hiriburuko 14 bizilagun eta Tuterako beste bi salatu ditu azken orduetan, koronabirusa zabaltzea saihesteko ezarritako araudia ez betetzeagatik eta arrazoirik gabe etxean ez geratzeagatik. Horietako zazpi etxabe batean bildu ziren gazte batzuk dira.

Udaltzain baten esanetan, polizia-patruilen helburu nagusia egungo araudia betearaztea da, kutsatze masiboa saihesteko, helburu hori betetzeko herritarren laguntza ezinbestekoa den arren, "horri esker, gehiengoa betetzen ari baita araudia".

Iruñeko Udaltzaingoak ohar baten bidez adierazi duenez, osasun-krisiaren lehen orduetan arauak betetzen ez zituzten pertsonei etxera itzultzeko esaten zieten, baina "beste fase batera pasatu gara, hau da, salaketara, are gehiago betetzen ez duten pertsonek araudiaren berri badutela onartu, eta, hala ere, araudia ez betetzea erabakitzen dutenean".

Horregatik, azken orduetan 14 pertsona salatu dituzte: zazpi, gazteen etxabe batean egoteagatik; bi, araudia urratuz ireki zuen ostalaritza-lokal batean egoteagatik; hiru, "lasai paseatzen ari zirelako, araudiak debekatzen duela jakinda ere", eta beste bi, legezko arrazoirik gabe autoarekin bueltaka ibiltzeagatik.

Iruñean ere, lau esku-hartze egin dira kalean bizi ohi diren aterperik gabeko pertsonekin. Hala ere, Udaltzaingoak gogorarazi du Iruñeko Udalak Jesus eta Mariaren aterpetxea egokitu duela horrelako pertsonentzat aldi baterako harrera-zentro gisa.

Trafikoari dagokionez, azken orduak "jarduera normala duen egun batekoak ez bezalakoak izan dira", horien esanetan; izan ere, "trafikoaren dentsitatea nabarmen jaitsi da, baita oinezkoen zirkulazioaren dentsitatea ere".

Hala ere, Udaltzaingoaren patruilek 6 istripu artatu dituzte, gehienek kalte materialak baino ez dituztenak eragin.

Bestalde, Tuterako Udaltzaingoak Twitterren jakinarazi duenez, bi pertsona salatu dituzte erriberako hirian, ezin izan baitute justifikatu kalean zergatik zeuden, eta horrelako kasuetan gutxieneko isuna 601 eurokoa dela gogorarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.