Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

SARS-CoV2 birusaren lehen genoma osoak lortu dituzte Espainian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Orain arte ez da aurkitu birulentzia, hilkortasun edo ezaugarri interesgarri handiago bati lotutako mutaziorik ikuspegi klinikotik.

  • Koronabirusa

    Koronabirusa. Artxiboko irudia.

Valentziako Unibertsitateak eta Valentziako Erkidegoko Osasun-Ikerketa eta Biomedikoa Sustatzeko Fundazioak (Fisabio) SARS-CoV2 birusaren lehen genoma osoak lortu dituzte Espainian.

Birusaren genomaren sekuentziazioak epidemia hasi zenetik jasan dituen mutazioak ezagutzeko aukera ematen du, eta, egindako analisiaren arabera, orain arte ez da aurkitu birulentzia, hilkortasun edo ezaugarri interesgarri handiago bati lotutako mutaziorik ikuspegi klinikotik.

Valentziako ikerketa-taldeek Valentziako Unibertsitate Ospitale Klinikoko Mikrobiologiako laborategitik datozen COVID-19ak kutsatutako gaixoen hiru laginen genoma osoa sekuentziatzea lortu dute, Espainian lortutako SARS-CoV2 birusaren lehen sekuentziak.

Valentziako Unibertsitateak jakinarazi duenez, genoma osoen sekuentziazio hori laborategi guztietan mundu mailan egiten ari diren ahaleginari gehitzen zaio, transmisio bideak zeintzuk izan diren eta birusaren leinu ezberdinak nola zabaltzen diren jakiteko.

Azterketa genomikoa Valentziako Unibertsitateko Infekzio eta Osasun Publikoko Unitate Mistoak, Fisabioko Epidemiologia Molekularreko Ikerketa Taldeak (biak Fernando Gonzalez genetika katedradun eta ikertzaileak bideratuta) eta Giuseppe d 'Auriak eta Llúcia Martínezek koordinatutako Fisabioko Sekuzio eta Bioinformatika Zerbitzuak egin dute.

"Helburu nagusia fokuak eta koronabirusaren transmisio-kateak fidagarritasun handiagoz identifikatzea da. Lehen laginen analisiaren ondorio nagusia anduiak transmisio bide ezberdinetatik datozela da", azaldu du Fernando Gonzalezek.

Taldeak birologian, epidemiologian eta bioinformatikan adituak diren ikertzaileek osatzen dituzte, eta aztertutako anduietako bat Europako beste andui batzuekin lotuta dagoela ondorioztatu dute.

"Hurrengo urratsa Valentziako Erkidegoko ospitaleetako gaixoen lagin gehiagoren sekuentziak aztertzea izango da, haien arteko eta epidemiologian adituak diren langileek ezarritako transmisio kateekiko loturak egiaztatu ahal izateko", adierazi du Gonzalezek.

Genoma biralen analisiari esker birusa gure erkidegora zer bidetatik sartu den eta une honetan nola transmititzen den jakin dezakegu, eta horrek birusaren hedapena askoz hobeto kontrolatzen lagunduko die osasun-agintariei.

Sekuentziak eskuragarri daude GISAID ekimenaren datu-basean, Nextstrain plataforman, eta National Institutes of Health (NIH) sekuentzia genetikoen Genbank datu-basean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.