Gizartea
Koronabirusa
Boluntario sare antolatu batek kudeatuko du EAEn babesa behar dutenentzako laguntza
Agentziak | Erredakzioa
Gaur aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak boluntarioen eskaintza eta laguntza gehien behar duten kolektiboen eskaria zentralizatuko duen sarea.
-
Supermerkatura joan ezin direnei lagunduko diete, adibidez
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak iragarri du asteartearekin Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak 'Guztion Artean' aurkeztuko duela, boluntariotza eskaintzak ez ezik arrisku handiena duten kolektiboen eskariak ere zentralizatuko dituen sarea.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurri gisa hartu du egitasmoa aurrera eramateko erabakia, eta bakarrik bizi diren edo senideen laguntzarik ez duten adineko pertsonei oinarrizko zerbitzua eskaintzea izango da helburua.
Erakunde publiko guztiekin batera, hirugarren sektore sozialeko Sareen Sareak, Caritasek, Fevasek, Gurutze Gorriak, eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Euskal Bolntarioen Kontseiluan bildutako Boluntario Agentziek parte hartuko dute, Osasun Sailaren eta lehendakariaren gidaritzapean.
Egitasmo horrekin, sintomarik ez duten 70 urtetik gorako pertsonei, etxean bakarrik bizi direnei edo senideen laguntzarik ez dutenei, egunerokoan behar-beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuak emateko elkartasun ekimenak sustatu eta babestu nahi ditu Jaurlaritzak.
Iñigo Urkullu buru duen gobernuak azaldu duenez, pandemiaren aurkako borrokaren une honetan, "baliteke pertsona batzuentzat, bereziki ahulak direnentzat, ez izatea oso egokia kalera ateratzea, osasun, adin edo bestelako arrazoiengatik".
'Guztion artean' elkartasun sare antolatuak bideratuko ditu herritarren behar guztiak, era berean, boluntarioek eta zerbitzua jasotzen duten pertsonek "beharrezkoak ez diren" arriskuak har ez ditzaten.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du osasuna zaintzeko beharrezkoa dela mugimenduak mugatzea eta, horregatik, ezinbesteko zerbitzua soilik emango dela. Etxebizitza bakoitzera joango den boluntario kopurua ere minimoa izango da.
Zerbitzuak
Egitasmo honen jomugan dauden pertsonek eguneroko beharretarako erabil dezakete zerbitzua: lehen mailako beharren hornidurarako (elikagaiak, higienerako eta garbiketarako produktuak eta bestelako lehen mailako beharrak), zaborra jaisteko, txartelean dituzten sendagaiak jasotzeko, maskota zaintzeko (paseoan ateratzeko edo albaitariarena eramateko), eta atzera ezin diren izapideak eta kudeaketak egiteko.
Hala ere, zerbitzu honetan ez da bakarrik daudenekin egoteko egoerarik aurreikusten, horretarako telearreta sarea baitago.
Boluntario gisa izena emateko 18 eta 65 urte artean eduki beharko dira, osasun arazorik ez, eta astero bizpahiru egunetan gutxienez bi ordu libre behar dira boluntario lana egiteko.
Gurutze Gorriak 945 222 222ean eta Caritasek 688 662 773an, koordinatuko dituzte kolektibo ahulenen laguntza eskaerak, eta Gizalderen (Gipuzkoa), Sarturen (Araba) eta Boluntaren (Bizkaia) babesa izango dute.