Gizartea
KORONABIRUSA
Krisi honetan "okerrena etortzeko" dagoela ohartarazi du Sanchezek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Gizartea eta ekonomia berreraikitzeko" aurrekontuak aurkeztuko dituela iragarri du Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan. Hemizikloan 30 diputatu izan dira bakarrik.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteazken honetan adierazi duenez, Espainiak "gaixotasun isil eta krudel" bati egin behar dio aurre, izan ere, koronabirusak "gizaki egiten gaituena zigortzen du, hau da, elkarrekin bizitzeko, pentsatzeko eta jarduteko beharra".
Indarrean dagoen alarma-egoeraren berri emateko Kongresuan egindako agerraldian, atsekabea agertu du koronabirusaren eraginez hil diren herritarrak direla eta. Testuinguru horretan, COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzak ez dituela ideologiak, ez klaseak, ezta lurraldeak ere bereizten nabarmendu du. "Guztioi egiten digu kalte; gure gurasoei, aitona-amonei, bikotekideei, seme-alabei eta maite ditugun gainerako pertsonei".
Testuinguru horretan, koronabirusari aurre egitea posible denean "ohi baino sozialagoak" diren aurrekontuak aurkeztuko dituela aurreratu du, eta herritarrei "behar besteko babesa" emango dietela ziurtatu du. Horretarako, alderdi politiko guztien babesa izan nahi du Sanchezek. "Oposizioa egiteko denbora egongo da gero", azpimarratu du. Hala, aurrekontu berriak aurreikuspen ekonomiko bideragarri eta errealistak daudenean eta "gaitza atzean uzten denean" aurkeztuko dituela azpimarratu du.
Halaber, elikagaien hornidura bermatuta dagoela esan du; energia elektrikoarena, gasarena eta petrolioarena bezala. Hori dela eta, Sanchezek "erabateko lasaitasun mezua" bidali nahi izan die herritarrei, elikagaiak "supermerkatu eta denda guztietan" eskuragai izango baitira.
Bestalde, goizean egindako agerraldian esan duenez, Espainiako Gobernuak ez du baztertzen aireko eta itsasoko mugak ixtea koronabirusari aurre egiteko. Oraingoz, ordea, lurreko mugak soilik daude itxita. Hala, Sanchezek adierazi du mugen itxierak salgaiei eragiten ez dien arren, agerikoa dela pandemiak berak eta gaitza geldiarazteko hartutako neurriek BPGan eragingo dutela: "urte honek ez ditu 12 hilabete izango, 10 edo 9 baizik".
"Krisiak irauten duen bitartean enpleguak eta ekoizpen egitura kalte larri eta konponezinik gabe mantentzea lortuko bagenu, horren amaieran susperraldi azkarra gertatuko litzateke, jarduera azkartuko lukeen balizko errebote efektua barne", esan du.
Alabaina, krisi honetan "okerrena etortzeko" dagoela ohartarazi du Sanchezek, eta, bere ustez, osasun sistemak "kutsatutako pertsona gehien jasotzen dituenean" gertatuko da hori. "Txertoa iritsi arte, gu gara koronabirusari aurre egiteko txertorik onena", esan du Sanchezek, eta berretsi du etxean geratzen den pertsona bakoitzak "bizitzak salbatzen" laguntzen duela.
Hori dela eta, alerta-egoeran indarrean dauden neurriak betetzeko "ahalegina" egitea eskatu die herritarrei, eta batasunerako deia egin du, "bizitzak, enpresak, ekonomia, balioak eta bizitzeko eta gozatzeko modua salbatzeko beharrezkoa" dela iritzita.
Koronabirusak eragindako krisia atzean geratzen denean, Espainiako Gobernuak osasun sistema aztertzeko eta ebaluatzeko batzorde bat bultzatuko duela iragarri du Sanchezek, hura zorroztasunez aztertu eta egin beharreko aldaketa guztiak txosten batean jasotzeko. Horrez gain, alarma-egoera ezarri zuten unea arrazoituta egon zela esan du, bere esanetan, "beste aukerarik ez zegoela argi ikusi zenean" ezarri baitzuten.
Hori dela eta, Espainiako Gobernuko presidenteak esan du horrelako erronka batek "eskura dauden baliabide guztiak" mobilizatzea eta herritar guztiak siglen gainetik egotea eskatzen duen "ekintza batasuna" ezinbestekoa egiten duela.
Genero indarkeriaren biktimak babesteko deia egin du
Espainiako Gobernuko presidenteak genero indarkeriaren biktima diren emakumeak "babesteko ardurari" dei egin dio, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean "mehatxu bikoitza" bizi dutelako.
Herritarren derrigorrezko isolamenduaren aurrean, tratu txarrak jasan dituzten emakume askok etxean egon behar dute erasotzailearekin. Hori dela eta, emakumeak "babesteko ardura" eskatu du.
Hemizikloan 30 diputatu baino ez dira izan, eta Sanchezek diputatu guztiak gogoan dituela esan du, eta gaixo guztiak lehenbailehen sendatzea nahi duela gaineratu du.