Gizartea
KORONABIRUSA
14 pertsona hil dira azken orduetan EAEn koronabirusaren ondorioz; 36 dira guztira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume bat da koronabirusaren ondorioz Nafarroan hil den bigarren pertsona.
-
Gasteizko kaleak eta parkeak. Argazkia: EFE
EAEn koronabirusaz kutsatutakoen kasu positiboak 727 dira, hau da, atzo baino 97 gehiago, eta 36 infekzio horrekin hildakoak. Horietatik 14 azken orduetan hil dira, 9 Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19ak izandako eraginari buruzko datuak argitaratu ditu. Erkidegoan 309 pertsona daude ospitaleratuta. Arabak pandemiak gehien kaltetutako lurraldea izaten jarraitzen du, 444 kasurekin; Bizkaian, berriz, 194 kasu daude, eta Gipuzkoan 89.
Hildako azken 14 pertsona horien artean, 9 Gasteizen hil dira, eta, aurreko kasuak bezala, adinekoak eta aurretiko patologia "garrantzitsuak" zituzten pertsonak dira, Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak azaldu duenez.
Azken orduetan hildakoen kopuruak izan duen gorakada orain arteko handiena izan da, ia hirukoitza, inoiz ez baitira 5 hildako baino gehiago izan egun bakarrean.
Araba positibo gehien (444), ospitaleratutako gehien (191) eta hildako gehien (25) dituen lurraldea izan arren, azken orduetan Bizkaian izan dira kasu gehienak (36). Bizkaian 194 positibo izan dira, 90 pertsona ospitaleratu dituzte eta 6 hildako izan dira, 3 azken orduetan.
Gipuzkoan, 26 positibo berri izan dira azken orduotan, eta 89 dira guztira. Lurralde horretan 28 pertsona daude ospitaleratuta eta 5 lagun hil dira (azken orduoan, 2).
Nafarroari dagokionez, emakume bat da koronabirusaren ondorioz hil den bigarren biktima. Lehen biktima bezala, "adineko emakumea da, hainbat patologia eta afekzio kroniko zituena".
Une honetan, 274 kasu positibo daude Foru Erkidegoan. Horietatik 62 ospitaleratuta daude, 9 zainketa intentsiboen unitatean, 7 Nafarroako Ospitalean eta 2 Nafarroako Ospitale Gunean.
Gainera, 8 pertsona etxean daude ospitalizatuta, sailburuaren arabera, eta gero eta gehiago indartzen ari da zerbitzu hori. Gainerakoak, positiboen % 74, etxean bertan artatzen dituzte.
Zerbitzua berrantolatzeko hainbat neurri eman ditu jakitera Sanchezek Osakidetzan. Astelehen honetatik aurrera, bertan behera geratu dira aurrez aurreko kontsultak (atzeratzeko modukoak), tratamendu onkologikoan dauden gaixoen kasuan izan ezik, eta premiazkoak ez diren ebakuntza kirurgikoak atzeratu egin dira.