Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzak bertan behera utzi ditu programatutako kontsulta eta ebakuntza guztiak
agentziak | erredakzioa
Era berean, Eusko Jaurlaritzak aurrez aurreko arretarako bulego guztiak ixtea erabaki du, eta administrazioko izapideen epeak atzeratu ditu.
-
Osakidetza. Argazkia: Efe
Osakidetzak bertan behera utzi ditu edo atzeratu egin ditu programatutako kontsulta eta ebakuntza guztiak, onkologiarekin edo bihotzeko arazoekin lotutako batzuk izan ezik, esfortzu guztia koronabirusaren aurkako borrokara bideratzeko eta herritarrak osasun zentroetan ez pilatzeko.
Gainera, osasun zentroetan aurrez aurreko kontsultak ahal den heinean bertan behera utzi dituzte, eta gehienak telefonoz egiten ari dira.
Araban, arnas infekzioaren sintomak dituztenek lehen arretako zentrora deitu behar dute, eta ez orain arte koronabirusaren inguruko zalantzak argitzeko zabaldutako telefonora.
Osakidetzak hiru zentro berezi prestatu ditu lurralde horretan arnas infekzioak dituztenak artatzeko, eta bertan X izpien aparatuak jarri dituzte, etxeko arretarako unitate bat antolatu dute eta desinfekzio berezia egiten ari dira.
Bizkaian eta Gipuzkoan, oraingoz, ez dute horrelako zentro berezirik prestatu, eta sintomak dituzten pertsonek lehengo telefonora deitzen jarraitu behar dute.
Arreta publikoko bulegoen itxiera
Eusko Jaurlaritzak aurrez aurreko arretarako bulego guztiak ixtea erabaki du covid-19a zabaltzea galarazteko. Neurriak Lanbideri, Zuzenean herritarren arretarako puntuei eta Hezkuntza eta Etxebizitza ordezkaritzei eragiten die, besteak beste.
Itxiera mugagabea izango da, eta administrazioan izapideak (bekak, diru-laguntzak…) egiteko epeak atzeratzea ekarriko du.
Gaurtik aurrera, herritarrak artatzeko telefonoz edo telematikoki egin beharko dute, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.