Gizartea
KORONABIRUSA
COVID-19aren protokoloa aktibatu dute Foru Gobernuan, Ayerdik positibo eman ondoren
EITB.EUS
Azken datuen arabera, 196 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Nafarroan; horietako 43 ospitalean daude.
-
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria. Argazkia: EFE.
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak koronabirusa du, eta ondorioz, COVID-19aren aurkako protokoloa ezarri diete Foru Exekutiboa osatzen duten kide guztiei.
Gaitzaren sintomak dituzten Gobernuko ordezkari guztiei mediku azterketa egingo zaie, eta hemendik aurrerako lan-bilera guztietan Osasun Publikoaren gomendioak jarraitu beharko dituzte.
Azken datuen arabera, 196 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Nafarroan; horietako 43 ospitalean daude, 4 zaintza berezien unitatean, eta 149 etxean ari dira tratamendua jarraitzen.
Atzo, koronabirusa zuen pertsona bat hil zen Nafarroako Ospitalean, aldez aurretik patologiak zituen 87 urteko emakume bat.