Gizartea
KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritzak eta banatzaileek erosketak "arduraz" egiteko eskatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elikagaiak ez direla faltako berretsi dute eta merkataritza sektoreko jendea "zaintzeko" eskatu dute, "erosleekin zuzenean egoten direnak" batez ere.
Eusko Jaurlaritzak, Elikaduraren Klusterrak eta Carrefour, Eroski, Mercadona y Uvesco enpresa banatzaileek "erosketa arduratsua" egiteko deia zabaldu dute, eta Euskadin elikagai hornidura bermatuta dagoela berretsi dute.
Ildo horretan, elikadurarena "oinarrizko zerbitzua" dela gogoratu dute eta "guztion ardura" dela "sektoreko langileek berme guztiekin lan egin ahal izatea".
"Ezohiko egoeran gauden arren, orain arte ezagutu ez dugun egoera batean, elikadura katea osatzen duten agenteek barneratuta dituzte osasun agintariek ezarritako prebentzio neurriak eta kate guztiaren gaitasuna indartu da, bere egunerokotasuna bermatzeko eta produkzioak, transformazioak, banaketak eta salmentak ondo funtzionatu dezaten" adierazi dute.
Egun hauetan "neurrigabeko kontsumoa" gertatu dela ohartarazi dute, "salbuespen egoera batek bultzatuta" baina jendarteari "kontsumo arduratsua" egiteko eskatu diote, eta elikagai dendetara "proportzioan erostera" joateko.
"Errespetatu eta lagundu" egin behar zaien profesionalek osatzen dutela elikaduraren katea gogoratu dute. "Zentzuz egiten den kontsumo logikoa izango da profesionalak, baserritarrak, arrantzaleak, elikagaien transformazio industriako langileak, logistikakoak eta salmentetakoak lanean behar bezala aritzeko bermea" gaineratu dute.
Egoera berezi honetan profesional horiek guztiek egiten duten esfortzua eskertu nahi izan dute, "publikoarekin zuzenean lanean ari direnena batez ere" eta "zerbitzu publikoa den hori zaintzera behartuta gaudela" gogorarazi dute.
Azkenik, autobabeserako neurriak errespetatzeko deia egin dute: "segurtasun tartea utzi, botatzeko eskularruak erabili eta ahal den guztietan txartelarekin ordaindu".