Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Urkullu: "Ez zen beharrezkoa Estatuak Ertzaintza eta Osakidetzaren agintea hartzea"

Agentzia | Erredakzioa

"Nire lankidetzarako eta laguntzarako borondatea erabatekoa da, eta izango da, baina laguntza eta lankidetza ez dira inposatzen", esan du lehendakariak agerraldi batean.

2:25
Iñigo Urkullu lehendakaria

Koronanbirusari aurre egiteko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua beteko duela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, baina Estatuak Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzea "beharrezkoa ez" zela uste du. Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzeko neurriak ez dira beharrezkoak. Neurri horiek ezin dira ulertu eraginkortasun praktiko eta profesionalaren ikuspegitik", esan du.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak autonomietako buruekin, goizean bideokonferentziaz, egin duen bileraren ondoren egin ditu adierazpenok Urkulluk, agerraldi telematiko baten bidez.

Sanchezi bere desadostasuna agertu diola esan ondoren, Urkulluk azpimarratu du "lankidetzarako eta koordinaziorako" bere "prestutasuna erabatekoa" dela. "Prozedurek garrantzia handia daukate demokrazian, funtsezkoak dira. Dekretua onartzeko eta jakinarazteko moduarekin ados ez nagoela adierazi diot Sanchez presidenteari", gehitu du.

Nolanahi ere, ez dituela "desadostasuna eta nahasmena" sustatu nahi esan du, eta "jarduera komun bat" bultzatzeko eta ahalbidetzeko konpromiso irmoa agertu du.

Urkulluk Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa ekarri ditu gogora, lehendakaria dela Estatuaren arduradun nagusia Euskadin nabarmentzeko. "Lehendakari gisa, gure erakundeen buru izaten jarraituko dut. Egoera honetan, lehentasuna oinarrian dago, birusa gelditzeko egunero borrokan ari diren profesionalengan. Hori da nire funtsezko konpromisoa", adierazi du.

Bost neurri

Espainiako Gobernuari bost neurri zehatz abian jartzea proposatu diola esan du: "‘Enpresa- eta sindikatu-eragileek sinatutako ezohiko proposamenak eta neurriak" dokumentua onartzea,  kaltetutako autonomoak eta saltokiak laguntzeko neurriak lehenestea, enpleguari eusten dioten enpresak laguntzea, Europar Batasunari ekonomia suspertzeko anbizio handiko plan bat eskatzea eta Osasun arloko eta oinarrizko zerbitzuetako profesionalak aitortzea eta konpentsatzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.