Gizartea
Koronabirusa
Sanchez: "Estatu osoan boterea Espainiako Gobernuak izango du"
Agentzia | Erredakzioa
Koronabirusari aurre egiteko neurriak "zorrotzak" izango direla eta "ondorioak" izango dituztela ziurtatu du Sanchezek.
Koronabirusari aurre egiteko Estatu osoan "boterea izango duen agintea" Espainiako Gobernua izango dela zehaztu du Pedro Sanchez gobernuburuak.
Koronabirusari aurre egiteko neurriak "zorrotzak" izango direla eta "ondorioak" izango dituztela ziurtatu du Sanchezek. Espainiako Gobernuak "birusari irabazteko orduan zalantzarik" izango ez duela erantsi du.
Moncloa jauregian agerraldia egin du Sanchezek, Ministroen Kontseiluak zazpi ordu baino gehiagoko bilera egin ondoren. Alarma egoera indarrean jarri du Espainiako Gobernuak larunbat honetan.
Gainera, segurtasun indar guztiak, Estatu osoan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren "agindu zuzenen" esanetara izango direla ziurtatu du Sanchezek.
Alarma egoera indarrean jartzeko, Ministroen Kontseiluak izandako iraupena defendatu du Espainiako gobernuburuak, "ordu asko" baina "aberasgarriak" izan direlako.
"Pablo Iglesias presidenteordeak eta gainerako ministroek patxadaz eztabaidatu dute, tresnen inguruko xehetasun ugarirekin", dekretua onartzeko, azaldu duenez.
Eztabaidak herritarren osasuna babesteko "dekreturik onena" onartzea izan du xede, presidentearen arabera.
Hauteskundeak
Bestalde, datorren apirilaren 5ean EAEn eta Galizian hauteskundeak egiteak "zentzu gutxi" izango lukeela uste du Sanchezek, baina bertako alderdiei erabakitzea dagokiela gaineratu du.
Alberto Ñuñez Feijoo Galiziako presidentearekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin hitz egiteko aukera atzo bertan izan zuela azpimarratu du Sanchezek. Egoera aztertzeko eta hauteskunde deialdia bertan behera uzteko astelehenean talde politikoekin biltzekoak direla esan zioten bi agintariek Espainiako gobernuburuari.
"Indar politikoek hartu beharreko erabakiaren zain gaude", nabarmendu du Sanchezek.
Ondorioak ekonomian
Koronabirusaren krisiak Espainiako ekonomian "eragin handia" izatea espero du Espainiako presidenteak, baina Gobernuak ondorioak arintzeko "eskura duen guztia" egingo duela ziurtatu du.
"Une honetan agertoki ekonomikoa oso aldakorra da, baina kalte ekonomikoa handia izango dela bistakoa da", onartu du Sanchezek, nazioarteko, EBko eta Espainiako erakundeek aurreratu bezala.
Pandemiaren aurkako borrokan "lehen garaipena kutsadura "kurbak gezi" forman gora ez egitea izango da, modu "geldoagoan" baizik, azpimarratu duenez. "Erabateko garaipena izango da”, nabarmendu du ondoren, txertoa prest dagoenean.
Aurreko agerraldietan egin bezala, "esfortzu eta sakrifizioko aste oso zailak" aurreikusi ditu gobernuburuak.